Euskal Herrian abian den SoC4CRIS-II ikerketa-proiektuak erronka handinahia du: aplikazio kritikoetan erabiliko diren txip aurreratu eta erresilienteak garatzea, bereziki energia, industria eta espazioaren sektoreetan. Gaia klusterrak nabarmendu duenez, «Euskadik bere estrategia sendotzen jarraitzen du mikroelektronikan lidergoa lortzeko bidean».
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Elkartek programaren laguntzarekin gauzatzen ari da, eta gidaritza nagusia EHUko APERT ikerketa-taldeak hartu du. Proiektuan parte hartzen ari dira, halaber, CEIT, Tekniker, Ikerlan eta Tecnalia zentro teknologikoak, Connect Group enpresa eta GAIA-BMH klusterra.
Aurreko faseko lorpenak
SoC4CRIS-IIk aurreko proiektuaren lekukoa hartu du. Lehen fase horretan, Euskal Herrian lehen aldiz RISC-V arkitektura irekian oinarritutako txip konplexua diseinatu zen, komunikazio industrialak, adimen artifiziala, ikusmen artifiziala eta segurtasun funtzionala uztartuz.
Lorpenen artean aipagarriak dira: 12 argitalpen zientifiko nazioarteko aldizkarietan, hiru transferentzia teknologikoko kontratu eta enpresa oinarri teknologiko batek (EBT) abiatutako proiektua. Horrez gain, Oxfordeko RAL laborategiarekin elkarlanean, bertako ikertzaile taldeak mikroelektronikaren diseinu aurreratuetan trebatzeko aukera izan zuten.
Konsortzioaren hitzetan, «lorpen horiek argi erakusten dute Euskadik gaitasun sendoa lortu duela mikroelektronikan, eta beharrezkoa dela ikerketa-lanari jarraipena ematea, teknologia helduago eta lehiakorragoak garatzeko».
Bigarren fasea: jauzi kualitatiboa
Orain, SoC4CRIS-IIren bigarren fasean, helburua jauzi handiagoa egitea da. «Proiektu honekin jarduera ekonomiko berria sortzeko aukera irekitzen dugu mikroelektronikaren bidez, gure autonomia teknologikoa indartuz eta balio erantsi handiko soluzioak eskainiz bai Euskadiko zein Europako sektore estrategikoei», azaldu du Armando Astarloa EHUko katedradunak eta proiektuaren koordinatzaileak.
Bigarren fase honetan, hainbat arlotan sakontzea aurreikusten da:
- 22 nm-ko nodo aurreratuetan diseinatutako arkitekturak
- Erradiazio kosmikoaren aurrean erresilienteak izango diren sistemak
- Ikusmen artifizialerako koprozesadore berriak
- Sub-nanosegundoko sinkronizazioa ahalbidetuko duten prozesadoreak
- Txipen muntaketa eta egiaztapenerako teknika berriak, batez ere aero-espazioaren sektorerako zuzendutakoak
Etorkizunari begira
Proiektu hau funtsezkoa izango da Euskadik mikroelektronikaren nazioarteko lehiaketan bere tokia sendotzeko, eta sektore estrategikoetan balio erantsi handiko ekarpena egiteko.