Asiako jatorria duen Vespa velutina espezie inbaditzailearen mehatxua gero eta handiagoa den testuinguruan, Espainiako Sanitate Anbientaleko Enpresen Elkarte Nazionalak (ANECPLA) gida berritzaile bat aurkeztu du haren hedapena kontrolatzeko. Dokumentuak irizpide tekniko argiak eskaintzen ditu lurralde osorako, eta bereziki Hego Euskal Herrian garrantzia handia du, han ere espezie hau dagoeneko finkatua baitago.
Gidak neurri praktiko ugari biltzen ditu: habia primarioak kentzea, arpa elektrikoak instalatzea erlauntzak babesteko, langile espezializatuen esku-hartzea sustatzea eta herritarren laguntza aktiboa bultzatzea. «Gida hau behar bezala aplikatzen badugu, onurak argiak izango dira», azaldu du ANECPLAko teknikari Belen Rodriguezek. Bere esanetan, horien artean daude «erleen galeraren murrizketa, biodibertsitatearen babesa, kontrol-lanen kostu txikiagoa, koordinazio nazionalaren hobekuntza eta herritarren kontzientziazio handiagoa».
Prebentzioa eta detekzio goiztiarra, oinarrizko zutabeak
Dokumentuak sei ataleko egitura du eta prebentzioa nahiz detekzio goiztiarra lehenesten ditu. Rodriguezek azaldu duenez, gidak «indar mugagabea izango du, baina aldizkako berrikuspenak aurreikusten dira eragile guztien artean», esperientziak eta hobekuntza teknikoak gehitzeko.
ANECPLAk ohartarazi duenez, Vespa velutinaren kontrolak Espainiako Estatuan 2,5 milioi euroko urteko gastua dakar, eta hori «ekosistemetan eta tokiko komunitateetan eragin zuzena duen arazoaren adierazgarri da». Espeziearen hedapena ez da soilik ingurumen arazo bat, «osasun publikoan ere eragin zuzena du».
Arrisku handiko intsektua eta heriotza kasuak Galizian
Azken hilabeteetan, hiru pertsona hil dira Galizian Vespa velutinaren erasoa jasan ondoren. Biktimak, antza denez, basoan zeuden habiaren gainean zapaldu zutenean ziztadak jaso zituzten. Gertaera horiek kezka handia piztu dute. «Galizian ikusi dugunarekin argi geratu da espezie hau oso arriskutsua dela guztiontzat», adierazi du ANECPLAko presidente Sergio Mongek. «Oso moldakorra da, eta horrek ahalbidetu du autonomia erkidego ugaritan zabaltzea».
2010etik hona, intsektu hau Kantauriko ertzean hasi eta lurralde ugaritara hedatu da, garraio-bideen bitartez ustekabean bidaiatuz. Gaur egun, Hego Euskal Herrian, Galizian, Asturiasen, Kantabrian, Katalunian, Errioxan eta Balearretan daude koloniak modu iraunkorrean, eta beste zenbait eskualdetan –hala nola Gaztela eta Leonen, Aragoin edo Valentziako Erkidegoan– kasu isolatuak atzeman dira.
Jardunbide txarrak eta klima-aldaketaren eragina
Rodriguezek ohartarazi du espeziearen hedapena azkartzen duten «jardunbide txar asko» daudela, hala nola habiak suarekin erretzea, «giza osasunerako kaltegarria eta bestelako intsektuak, hala nola erleak, uxatzen dituen praktika». Gidak herritarrei azaltzen die nola jokatu behar duten habiak atzematean eta nori eman abisua, «betiere prestakuntza egokia duen langileak jardun dezan».
Bestalde, Mongek klima-aldaketaren eragina nabarmendu du: «Aldi gero eta udaberri goiztiarragoak eta udazken berantiarrak izaten ari gara, eta horrek lagundu egiten du Vespa velutina-ren ziklo biologikoa luzatzen. Ipar Espainiaren “tropikalizazioa” gertatzen ari da». ANECPLAko arduradunak azpimarratu duenez, «espezie exotiko inbaditzaileak dira mundu mailan biodibertsitatea galtzearen arrazoi nagusietako bat, eta beharrezkoa da kudeaketa integratua eta koordinatua egitea».
Gida bateratua, administrazio eta herritarren arteko elkarlanerako tresna
Gida hau ‘Estrategia para el control, gestión y posible erradicación del avispón asiático en España’ dokumentu ofizialaren jarraipen modura sortu da, eta MITECOren nahiz autonomia-erkidegoen laguntzaz garatu da. Horren bidez, administrazio publikoek, erakunde espezializatuek eta herritarrek elkarlanean aritzeko oinarria ezarri nahi da.
Rodriguezek gogorarazi du «espeziearen kudeaketa eraginkorra ez dela posible lankidetza eta koordinazio egokirik gabe». Horregatik, protokolo berriak azpimarratzen du datuen bilketa, habien detekzioa, arriskuen ebaluazioa eta esku-hartze seguruak bateratzeko beharra.
Helburua: mehatxuari aurre egin modu bateratuan
Azken batean, ANECPLAko arduradunek argi utzi dute mehatxua benetakoa dela eta jarduera koordinatua ezinbestekoa dela: prebentzioa, heziketa eta esku-hartze profesionala uztartu behar dira. Mongek amaitzeko gehitu du: «Ezinezkoa izango da Vespa velutina erabat desagerraraztea, baina bai haren eragina murriztea eta gure ekosistemak eta erlauntzak babestea».



