Frantziako gizarteak eztanda egin du azken egunotan, erabiltzaileek sareetan salatu ostean ume antza duten panpina sexualak zeudela Sheinen plataforman eskuragarri. Salaketa publikoak eta Fiskaltzak ireki duen ikerketak bultzatuta, konpainia txinatarrak iragarri du produktuak behin betiko erretiratuko dituela eta bere barneko kontrol-sistema zorrozteko neurriak abian jarriko dituela.
Sheinek berak azaldu duenez, «zigor irmoak» ezarri dizkie produktu horiek merkaturatzen zituzten saltzaileei. Gainera, euren hitzetan, prest daude «ikuskaritzarekin kolaboratzeko eta eskatuz gero saltzaileen zein erosleen datuak emateko». Jarrera horrek erakusten du markak jardunbidea geldiarazteko duen presio-maila, batez ere polemika edukiak Pariseko erdigunean ireki behar zuten lehen denda fisikoaren inaugurazioa bera arriskuan jarri duenean. Roland Lescure ministroak ohartarazi zuen marka osoa Frantzian debekatzeko prest zegoela egoerak horrela jarraituz gero.
Plataforma gehiago ere ikerketaren begipean
Shein ez da bakarra. Aliexpress, Temu eta Wish bezalako plataforma handiagoetan ere antzeko edukia aurkitu dute agintariek. AliExpresek adierazi du jada ezabatuta daudela halako iragarkiak eta araudia urratzen duten dendei kontua itxi edo zigorrak ezarriko dizkiela. Temuk, berriz, nabarmendu du bere plataformari egindako kritikak adingabeek erraz eskuratzen dituzten produktuekin lotuta daudela.
Parafiliaren inguruko kezkak eta arriskuak
Objektu eta egoera ezohikoetara bideratutako kitzikapen sexuala ez da bere horretan beti arazoa, baina zenbait kasutan arriskutsua izan daiteke. Adituek azaldu dute parafilia patologia bilakatzen dela eguneroko funtzionamenduan kalte egiten duenean, bulkadak kontrolatzeko zailtasunak sortzen dituenean edo oniritzirik ez duten pertsonengan (adingabeak kasu) eragin zuzena duenean.
Panpin sexualen erosleen profilari buruzko ikerketek erakusten dutenez, oso talde desberdinak daude tartean: jakin-min hutsa dutenak, sexualitateari buruzko fantasiak epairik gabe probatu nahi dituztenak, bakardadearekin edo autoestimu baxuarekin borrokan ari direnak, eta gizarte-harremanek urduri jartzen dituzten pertsonak, panpina “harreman” moduan erabiltzen dutenak. Estatistiketan, 45 urte inguruko gizonak agertzen dira maizenik.
Hala ere, ume antza duten panpina sexualak beste kategorian kokatzen dituzte adituek, bereziki arriskutsuan. Izan ere, halako objektuek «tratu txarren fantasiak irudikatzen dituzte» eta arriskua dago ume gorputzaren eta plazer sexualaren arteko lotura okerra sendotzeko. Gainera, pedofilia joerak dituztenengan, arrisku faktore hori areagotu daiteke: bulkada sexualak kontrolatzeko zailtasuna handitu, edo delituak gauzatzeko aukerak hurbildu.
Hala ere, eztabaida ez da bakarrekoa. Erresuma Batuan egindako ikerketa batek bestelako ikuspegia plazaratu du: panpina hauek «bide segurua» izan daitezkeela dio, adin txikikoenganako erakarpena dutenentzat, kalte erreala saihestu dezaketelako. Baina aditu gehienek gogorarazi dute ikerketa gehiago behar direla eta arriskuak ezin direla sinplifikatu.
Etorkizuneko erronka: legea, etika eta merkatu digitala bateratzea
Kasu honek agerian utzi du online merkatuaren zabaltasuna eta arazo etikoen konplexutasuna. Produkzio globalizatua, plataformen algoritmoak eta ikuskari falta sarritan nahastu egiten dira eta horrek arrakala handiak sortzen ditu. Frantzian piztu den eztabaida litekeena da Europako beste herrialdeetara hedatu eta araudi berrien beharra azaleratzea.



