Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak asteartean hartu duen erabakiak oihartzun handia izan du komunikazioaren sektorean: Tokikom SL enpresari milioi euroko laguntza zuzena ematea onartu du, 2025ean eskualdeetako hedabideak sendotu eta elkarlanean jarduteko egitasmo estrategiko bati bide emateko.
Irekia atari instituzionalak zabaldu duenez, partidak helburu argia du: «eskualdeetako komunikabideen arteko sare sendoa eraikitzea, baliabideak partekatzeko bideak arakatzea eta inguru digital berrietara egokitzeko gaitasuna handitzea». Asmo nagusia, Jaurlaritzaren arabera, tokiko hedabideen irismena zabaltzea eta publikoa handitzea da.
Miloi euroko gehikuntza aurrekontuan: komunikabideetan euskararen presentzia sustatzeko partida handitu dute
Dirua ez da edozein tokitatik datorren funtsa; euskarazko komunikabideen «kontsolidazio eta normalizazio» programari dagokion aurrekontutik aterako da. EAJk eta PSE-EEk beren aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketa baten bidez milioi bat euro gehiago gehitu zioten partida horri, guztira 5.007.779 eurora iritsiz.
Laguntza hau kudeatzea Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokio, Ibone Bengoetxea sailburu dela. Sail horren eginkizunen artean dago, hain zuzen ere, euskararen presentzia komunikabideetan sendotzea, bai hedabide tradizionaletan, bai digitalen ekosisteman. Politikaren garapena Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako Sailburuordeak gidatzen du.
Sailaren argudioak: kontsumo-ohitura berriak eta formatu digitalen premia
Sailaren azalpenen arabera, Tokikom-i emandako laguntzak badu testuingurua: «komunikabideen eta plataformen kontsumoan gertatzen ari diren aldaketa bizkorrek formatu berriak sortzera behartzen dute, eta baliabideak partekatzea ezinbesteko bihurtzen da». Gainera, zioen arabera, komunikabide txikiagoak elkarlanean aritzera bultzatu nahi dira, eskualde mailako ekosistema sendoagoa osatzeko.
Hala ere, ez da zehaztu laguntza hau irizpide egonkor gisa mantenduko den, ala aurten soilik aplikatuko den salbuespen modura.
Laguntza zuzena, lehiaketa publiko barik
Kontu esanguratsu bat da: Gobernu Kontseiluak onartutako laguntza ez da ohiko deialdi irekien bitartez banatu, baizik eta laguntza diskrezional gisa eman da, Tokikom-i zuzen-zuzenean. Eta urte honetako aurrekontuari dagokio.
Gainerako hedabideentzako 4 milioi euroko laguntza publikoak, berriz, ohiko lehiaketa-prozeduraren bidez banatuko dira. Deialdi horren ebazpena, ordea, oraindik ez da argitaratu, nahiz eta urtea amaitzear egon.



