EAEko Auzitegi Nagusiak atea zabaldu dio Enplegu Publikoaren Legearen inguruan Konstituzio Auzitegira jotzeko aukerari, eta horrek erreakzio bizia eragin du Jaurlaritzan. Eztabaidaren erdigunean dago 187.5 artikulua, administrazioetako lanpostu guztiei hizkuntza-eskakizuna ezartzen diena. Fiskaltzak babestu duen ekimenak auzi politiko-juridiko bat piztu du, eta gobernuak ez du batere egokitzat jo.
Lehendakaritzan egindako agerraldian, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Maria Ubarretxena sailburuak azaldu zuten ez dutela arrazoirik ikusten auzia Madrilera eramateko. «Ez da eduki berria; urteak daramatzagu oinarri bera aplikatzen, eta Auzitegi Konstituzionalak bera ere bideragarria dela ebatzi du iraganean» azpimarratu zuen Ubarretxenak, 1982ko eta 1989ko legeak gogora ekarriz.
Azaroan hartutako erabakiek mesfidantza eragin dute
Sailburuak nabarmendu zuen irailera arte prozedurak bide arrunta jarraitu zuela; baina, bere esanetan, azarotik aurrera hartu diren zenbait erabaki «ezohikoak» izan dira. Hala nola: Voxen helegitea zegoen salaren osaera aldatzea, izaera guztiz desberdinak dituzten bi errekurtso bateratzea, eta inork eskatu gabe konstituzio-kontrakotasunaren izapidea irekitzea.
Horrek guztiak, Ubarretxenaren arabera, «ateratzen gaituzte ohiko jardunetik». Auzitegiak oraindik ez du behin betiko erabakirik eman, baina Jaurlaritza egoera «kezkagarritzat» jotzen hasia da.
Hala eta guztiz ere, argitu dute legea eta sektore publikoan euskara normalizatzeko dekretua indarrean daudela, eta ohiko moduan aplikatzen direla. Edozein aldaketa etorkizuneko epai baten ondorioa izango litzateke soilik.
Bengoetxea: “Eredu osoa kolokan gera liteke, eta hori da benetako arriskua”
Lehen lehendakariordeak ez du hitz gozorik erabili gaur egungo egoera definitzerakoan. «Hizkuntza-politika publikoaren zutabe nagusiak arriskuan jar ditzakeen une baten aurrean gaude», ohartarazi du, EAEko administrazioetan bi hizkuntza ofizialen arteko oreka bermatzeko eraikitako sistemari erreferentzia eginez.
Hizkuntza-eskakizunaren inguruko eztabaida erdian, Bengoetxeak gogorarazi du sarri nahasten direla kontzeptuak: lanpostuak hizkuntza-eskakizuna edukitzeak ez duela esan nahi derrigortasun-data iritsi denik, ezta euskara automatikoki eskatzen denik ere. «Auzitegiak badirudi bi kontzeptuak lotuta daudela interpretatzen duela, baina legeak aski garbi bereizten ditu» azaldu du.Gainera, euskara administrazioan txertatzeko sistema progresiboa eta egonkorra izan dela gogorarazi du, «40 urteko ibilbidea eta adostasun politiko zabala» dituelako atzean.
Parlamenturako mezua: adostasun politikoa blindatzeko beharra
Enplegu Publikoaren Legearen inguruan bi ekimen daude gaur egun mahai gainean, eta Bengoetxeak aukera hori baliatu du alderdi politikoei interpelazio zuzen bat egiteko. «Testuinguru honek erakusten du ugari direla kanpotik datozen mehatxu juridikoak; orain, gure ardura da oinarrizko adostasun politikoa sendotzea eta legearen babesa indartzea».
Ubarretxenak, bere aldetik, ziurtatu du gobernuak ez duela atzera egingo: «Euskararen aldeko eredua babestuko dugu, eta beharrezko argudio juridiko eta politiko guztiak mahai gainean jarriko ditugu».



