Urtero bezala, Gabonetako erosketak gertu daudela, iruzur digitalen olatuak gora egin du. Internet bidezko eskaintzek eta informazio-jario etengabeak sortzen duten “presak” erabiltzailearen arreta lausotzen du, eta horretaz baliatzen dira iruzurgileak, gero eta kanpaina sofistikatuagoak hedatuz. Ainhoa Egiluz Erreklamatu elkarteko legelariak ohartarazi duenez, «Gabon garaia urteko momenturik sentikorrenetako bat da; erabiltzaileak azkarrago erantzuten du eta iruzurgileak erne daude aukera horiek aprobetxatzeko».
Phishing-a, oraindik ere arrisku nagusia
Finantza-erakundeak ordezkatzen dituzten mezu faltsuek ez dute etenik, eta euren bertsio berriak gero eta konplexuagoak dira: phishing arrunta (email bidez), smishing (SMS bidez), vishing (telefono bidez) eta urruneko kontrola ahalbidetzen duten bertsioak (AnyDesk, TeamViewer…). Helburua beti bera da: datuak lortu eta kontuak husteko modua izatea.
Egiluzek azaldu du araudiak argi ezartzen duela printzipio nagusi bat: «Baimentzen ez den eragiketetan, bankuak dirua itzuli behar du, bezeroaren aldetik zuhurtziagabekeria larria egon dela frogatzen ez badu». Horrek esan nahi du karga erakunde finantzarioaren gain dagoela, eta ezin dela baliozkotzat jo soilik SMS bidez igorritako kodeak erabiltzea.
Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak joera hori berretsi du, eta zenbait epaiketan bankuak zigortu dituzte. Adibidez, Bilbon epaile batek Banco Santander behartu zuen bezeroari 1.923 euro baino gehiago itzultzera, bankuak ez zuelako frogatu biktimak modu arduragabean jokatu zuenik.
Noiz ez dago bankuari dirua eskatzeko aukerarik?
Ez dira egoera guztiak berdinak, eta erabiltzailea engainatuta egon arren, batzuetan berak egiten du ordainketa. Kasu horietan, epaitegiek ez dute bankuaren erantzukizuna onartzen.
“Senidea arazoetan” iruzurra
Mezu dramatiko eta presazko baten bidez (“ama, mugikorra hondatu zait”, “lagundu, ezin dut deitu”), iruzurgileak premiazko diru-laguntza eskatzen du. Biktima, kezkaturik, transferentzia egiten du. Eragiketa berak baimendu duenez, bankuak ez du dirua bueltatzeko betebeharrik.
Faktura faltsuak eta enpresen ordezkapenak
Iruzurgileak benetako enpresen itxura hartzen du (telefonia, aseguruak, konponketak…) eta ordainketa-eskaria bidaltzen du IBAN aldatuarekin edo PDF faltsu batekin. Biktimak sinetsita dago ohiko ordainketa bat dela. Kasu hauetan ere, eragiketa baimendutzat jotzen da.
Lan-eskaintza eta inbertsio faltsuak
“Dirua azkar irabazi” motako proposamenak bereziki ugaritzen dira Garaiotan. Egiluzek dioenez, «irtenbide erraz eta azkarrek susmoa piztu behar dute; ia beti amaitzen da erabiltzaileak dirua sartu eta galtzearekin».
Bizum bidezko engainuak
Ordainketa-eskaera bat kobrantza legitimo bat balitz bezala aurkezten da. Bezeroak onartzen badu, kargua berez baimendua da.
Prebentzioa, oraindik ere babes-tresnarik eraginkorrena
Egiluzek gogorarazi du gehienetan ez dela bankuen segurtasun hutsune bat egoten, baizik eta «iruzurgileek erabiltzailearen presaka aritzearen ahultasuna aprobetxatzen dutela». Jarraian, gomendio nagusiak nabarmendu ditu:
- Ez ireki esteka susmagarririk; bankura sartzeko, helbidea zuk zeuk idatzi.
- Ez eman koderik edo daturik telefono bidez. Bankuek ez dute eskatzen.
- Ez fidatu presa eskatzen duten mezuez; denbora irabaztea da iruzurgilearen arma.
- Faktura edo ordainketa bat egin aurretik, IBANa bi aldiz egiaztatu.
- Ez instalatu urruneko kontrolerako aplikaziorik.
- Zalantzarik izanez gero, eten eragiketa eta egiaztatu.
Iruzurra jasan ondoren: lehen pausoak
Erreklamaturen gomendioa da ahalik eta informazio gehien gordetzea: pantaila-argazkiak, mezuak, estekak eta eragiketen xehetasunak. Aldi berean, bankuarekin kontaktuan jartzea garrantzitsua da, kontua behin-behinean blokeatzeko eta segurtasuna berrikusteko. Polizian salaketa jartzea ere aukera egokia da, gertatutakoaren egiaztapen ofiziala lortzeko.
Ondoren dator gakoa: kasua erreklamagarri den ala ez zehaztea. Ez dira egoera guztiak berdinak, eta legeak ñabardura ugari jasotzen ditu. Egiluzek argi utzi du: «Garrantzitsua da jakitea erabiltzailea ez dagoela babesgabe; iruzurra baimenik gabekoa bada eta ez badago arduragabekeria larririk, bankuak itzuli beharko du dirua».
Erreklamatu elkarteak kasu bakoitzaren analisi doakoa eskaintzen du, erabiltzaileari zein bide jarraitzea komeni zaion jakinarazteko.
Azken mezua: kontuz, baina lasai
Egiluzek nabarmendu du Gabonetako gorakadak urtero errepikatzen direla eta ez duela inongo zentzurik errudun bilaketak egiteak: «Pertsona oso arduratsuak ere erortzen dira iruzur digitaletan; teknikak gero eta sofistikatuagoak dira». Horregatik, prebentzioa eta informazioa dira babesik onenak.



