Urte berriarekin batera, familiek aurrekontua berrantolatzeko beharra izaten dute sarri, hainbat tarifak eta laguntzek eguneratze automatikoak izaten dituztelako. 2026an ere prezioek gorantz egiteko joera mantenduko dutela aurreikusten da, nahiz eta igoerak apalagoak izan daitezkeen. Elikagaien edo etxebizitzaren bilakaera zehaztasunez iragartzea zaila bada ere, badaude jada jakinarazita dauden neurri eta aldaketa batzuk, eguneroko gastuetan eragin zuzena izango dutenak.
Pentsioak eta diru-sarrera minimoak: igoera nabarmenagoa kolektibo zaurgarrienetan
2026an kotizazio bidezko pentsioak %2,7 igoko dira, eta gutxieneko pentsioek, berriz, %7ko gorakada izango dute. Horrez gain, familia-kargarekin lotutako zenbait prestaziok igoera handiagoa jasoko dute: ezkontidea ardurapean dutenen pentsioek eta familia-kargak dituztenen alargun-pentsioek %11,4 egingo dute gora, eta bide beretik eguneratuko da bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren zenbatekoa ere. Horrela, neurri horien bidez, administrazioek babes handiagoa emango diete diru-sarrera txikienak dituzten etxeei.
Garraio publikoa: deskontuak mantenduko dira eta gazteek abantaila handiagoa izango dute
Garraio publikoari dagokionez, erakundeek deskontuekin jarraitzea adostu dute 2026an ere. 15 urtetik beherakoek doan bidaiatu ahal izango dute, eta 15 eta 25 urte artekoek erdi-prezioan erabili ahal izango dituzte garraiobide publikoak. Gainerako erabiltzaileek %40ko hobaria izango dute, deskontu hori Espainiako Gobernuak eta tokiko erakundeek erdibana finantzatuko dutelarik. Horrek esan nahi du, eguneroko joan-etorrietan, txartelaren kostuak ez duela igoera handirik ekarriko, eta gastuaren pisua gehiago egongo dela norberaren erabilera-ohituren eta ibilbideen araberakoa.
Bidesariak: igoera orokorra, baina lurralde bakoitzean ñabardurekin
Autobideetako ordainketetan, batez beste, %3ko garestitzea nabarituko da. Bizkaian, Interbiakek AP-8an, Hegoaldeko Saihesbidean eta Artxandako tuneletan %3,5eko igoera ezarriko du, ibilgailuaren eta tartearen arabera 2 eta 5 zentimo arteko aldaketarekin. Neurririk deigarrienetako bat gaueko tartean etorriko da: 00:00etatik 06:00etara zegoen tarifa doakoa desagertu egingo da, eta ordainpekoa izango da hemendik aurrera. Kamioiek ere %3,5 gehiago ordaindu beharko dute AP-8, N-240, N-636, N-637 eta BI-625 errepideetan.
Gipuzkoan, Bidegik %2,8ko igoera aplikatuko du AP-8, AP-1 eta A-636 errepideetako bidesarietan. Kasu horretan, igoera ez zaie kamioiei aplikatuko, eta N-1eko eta A-15eko kanona iazko mailan mantenduko da. Bestalde, Abiatu sistema dutenek, batez beste, euro bat gehiago ordaindu beharko dute.
Araban ez da aldaketarik izango AP-68aren bidesarian, behintzat oraingoz. Avasa enpresak 2026ko azarora arte izango du autobideen esleipena, eta ondoren kudeaketa foru erakundearen esku geratuko da. Arabako Foru Aldundiak aurreratu du une horretan bidesariak nabarmen merkatuko direla, eta prezio soziala ezarriko dutela.
Nafarroan, AP-15aren erabiltzaileek %2,9ko garestitzea izango dute, baina joan-etorriak 72 orduren barruan egiten dituztenentzat deskontu handiak mantenduko dira: %35,68ko hobaria aurreikusi da.
Energia: argindarrean gastu finkoa jaitsiko da, eta gasak beheranzko bidea hartuko du
Energiaren kostua neurri handi batean kontsumoaren araberakoa izango bada ere, badira fakturan eragina izango duten aldaketa zehatz batzuk. Argindarraren fakturaren gastu finkoa %1,3 merkatuko da norbanakoentzat, eta %4,1 enpresentzat. Gas naturalari dagokionez, tarifa arautua %8,7 merkatu dela jakinarazi dute urte berriarekin batera, eta auzo-tarifak ere behera egingo du, %5,7 eta %8,7 arteko jaitsierarekin.
Horrez gain, bonu sozial elektrikoa indarrean egongo da beste urtebetez: pertsona zaurgarriek %42,5eko deskontua izango dute fakturan, eta oso zaurgarriek %57,5ekoa.
Udal zergak: hondakinen tasak protagonismoa hartuko du
2026rako, Hegoaldeko lau hiriburuetako udalek zergak eguneratuko dituzte, eta hondakinen gaia izango da berriro ere erdigunean. Bilbon, zaborren tasa lehen aldiz aplikatuko da eta %45 garestituko da, nahiz eta hondakin organikoen edukiontzia erabiltzen dutenentzat deskontuak aurreikusi diren. Donostian, udal zergetan %2ko igoera orokorra ezarriko da, eta hondakinen tasan %4,25ekoa. Gasteizen, %2,5eko gorakada aplikatuko da. Iruñerrian, Mankomunitateak %2,5eko igoera aplikatuko du tasetan, eta hondakinen zergak izango du garestitzerik handiena; Iruñean, urtean 25 euroko igoera ekarriko du.



