Feminismoaren arloan erreferentziazko tresna bilakatu nahi duen proiektua aurkeztu zuen atzo Elhuyarrek: Leiho Morea. Webgune berriak euskarazko edukien bilduma aberats eta egituratua eskaintzen du, eta bi atal nagusi ditu: bata hiztegi terminologikoa, kontzeptuak definitzeko eta ulertzeko; bestea, testu eta ikus-entzunezko corpus zabala, edukiak kontsultatzeko.
Usurbilgo egoitzan egindako aurkezpenean, Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia Unitateko koordinatzaile Itziar Cortes Etxabek eta EHUko Berdintasunerako zuzendari Margaret Bullenek hartu zuten parte. Biek adierazi zuten baliabideak aukera ematen duela euskarazko diskurtso feminista sendo eta koherenteak eraikitzeko. «Berdintasun errealaren aldeko bidean, funtsezkoa da diskurtsoak sendotzea eta herritarren eskura jartzea terminologia egokia», nabarmendu zuten.
Baliabide praktikoa, erabilera anitzeko
Leiho Morea ez da soilik terminologia-bilduma bat. Webguneak ‘Feminismoa eta Berdintasuna Hiztegia’ izeneko aurrekariaren gainean eraikitzen du bere lehen atala, eta hortik haratago doa: edukien bigarren atalak testuak (liburuak, prentsa artikuluak, lan akademikoak…) zein ikus-entzunezkoak (podcastak, jardunaldiak, hitzaldiak…) biltzen ditu. Helburua da euskarazko edukien corpus esanguratsu eta erabilgarria eskaintzea, kontsulta, itzulpen eta ikerketa lanetarako.
Tresna honek lagungarri izan nahi du feminismoari lotutako edukiak sortzen dituzten guztientzat: kazetariak, idazleak, itzultzaileak, podcast egileak, unibertsitateko ikertzaile eta irakasleak, berdintasun teknikariak eta, oro har, mugimendu feministako kideak. Baina ez da komunitate horietara mugatzen: herritar ororentzat dago zabalik, edonork izan baitezake feminismoari lotutako hitz edo kontzepturen bat ulertzeko edo euskaraz nola erabiltzen den jakiteko beharra.
Babes zabaleko egitasmoa
Proiektuaren atzean erakunde ugariren laguntza dago. EHUko Berdintasunerako Zuzendaritzak eta Deustuko Unibertsitateak babestu dute ekimena, eta EIZIE elkarteak zein EHUren Euskara Institutuak oinarri terminologikoa zehazteko lan egin dute.
Leiho Morea, beraz, ez da soilik webgune bat: feminismoaren eta berdintasunaren aldeko urrats sendoa da, euskaraz. Diskurtso propioak eraikitzeko baliabidea, ahalduntzeko tresna eta herritarren artean ezagutza partekatzeko leiho zabal bat.



