Adimen artifizialaren bidez hirugarrenen irudiak sortzea edo aldatzea gero eta ohikoagoa da sare sozialetan eta mezu-aplikazioetan. Horren aurrean, AEPDk ohartarazi du askotan jolas edo umorezko helburuekin egiten diren erabilera horiek ondorio larriak izan ditzaketela, batez ere pertsonen irudiaren manipulazioan oinarritzen direnean.
Arrisku ikusgarriak eta ikusezinak
Agentziaren arabera, pertsona baten irudia —nahiz eta IA bidez sortua izan— datu pertsonaltzat hartu behar da. Beraz, irudi horiek igotzea, berrerabiltzea, moldatzea edo zabaltzea datu pertsonalen tratamendu bat da, eta, gehienetan, pertsonaren baimenik gabe egiten da. Horrek, AEPDren esanetan, pertsonaren irudia kontrolatzeko gaitasuna galtzea dakar eta, zenbait kasutan, bestelako eskubide oinarrizkoen urraketa ere ekar dezake: «ohorea, intimitatea edo irudiaren eskubidea, besteak beste».
Era berean, ohartarazi du IA sistemek erabiltzen dituzten plataformek eduki horiek nola tratatzen dituzten erabakitzeko gaitasuna dutela, erabiltzailearen kontroletik kanpo. Horrek esan nahi du igotako irudiak erabil daitezkeela ikaskuntzarako, kontserbaziorako edo hirugarrenekin partekatzeko.
Eduki sentsibleen erabilera: kalte erreala eta itzulezina
AEPDren dokumentuak arreta berezia jarri du kaltegarritasun handiko testuinguruetan: adibidez, biluztasunak, sexualizazioa, haurren irudiak edo egoera zaurgarrian dauden pertsonen eduki intimo artifizialak. Ohartarazi du manipulazio horiek, nahiz eta ez izan errealak, kalte handiagoa eragin dezaketela biktimentzat benetako argazki edo bideoek baino: «kaltetuek jasaten duten kaltea agerikoa da, eta errealitatearekin nahasteko arriskua handia».
Azken asteotan sareetan ugaritu diren IA bidez “biluztutako” irudiek alarma piztu dute. Erabiltzaile askok —batez ere emakumeak, eta tartean adingabeak— jasan dute irudi artifizial horien zabalkundea. Bereziki aipagarria izan da Grok sistemaren inguruko eskandalua, X sare sozialek (lehen Twitter) erabiltzen duen IA tresna. Elonk Musk-ek berak parte hartu zuen polemikan, eta gero tresna erabilera mugatu zuen harpidedun ordaintzaileetara, baina aditu askok neurri hori “xaplazkoa” dela salatu dute.
«Txantxa hutsa» ez da aitzakia: errealitate faltsuak sortzen ditu IAk
Agentziaren esanetan, IA bidezko bideo edo irudi askok ez dute balio juridikorik. Hala ere, arazoa sortzen da edukiek pertsona bati egotzi ahal dizkiotenean inoiz gertatu ez diren ekintzak edo jokabideak. Hori gertatzen denean, pertsonaren ospean, harremanetan edo lan-egoeran kalte nabarmena sor daiteke.Gainera, ohartarazi du mezu-aplikazioetan edo sareetan behin partekatutako irudi batek ez duela esan nahi baimen orokorra dagoenik hura moldatzeko edo zabaltzeko. «Talde batetik bestera irudiek egiten duten saltoa kontrola galtzearen adibide argia da», nabarmendu du agentziak.
Araudi juridikoa eta ondorio penalak
AEPDk adierazi du kasu batzuetan jarduera horiek Kode Penalaren esparruan sar daitezkeela. «Delitu zantzurik balego, Poliziari, Fiskaltzari edo epaitegiei dagokie ikerketa egitea eta egintza horien erantzukizun penala zehaztea», zehaztu du.
Horregatik guztiagatik, datuen babeserako agentziak zuhurtzia eskatu du AI bidezko tresnak erabiltzerakoan, eta nabarmendu du irudi batek dituen ondorioak ez direla soilik ikusizkoak: «Erabiltzaileek ulertu behar dute beren irudia igotzean, kontrola galtzen dutela eta hirugarren baten esku uzten dutela zer gertatuko den hurrengoan».



