Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomiak %1,9 egingo duela gora 2026an, eta %1,6 2027an. Horrela jakinarazi du Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak astelehen honetan, Bilbon egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera izan da Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordea ere.
Torresen hitzetan, 2025a %2,3ko hazkundearekin itxi da, aurreikusitakoa baino hamarren bat handiagoa, eta hori «barne-eskarian, inbertsioan eta langabezia maila historikoki baxuetan oinarritutako dinamika ekonomiko sendo bati esker» gertatu da. Sailburuak nabarmendu duenez, azken urteko bilakaera «sendoa, egonkorra eta iraunkorra» izan da, «barne-oinarri orekatuek babestua».
19.000 enplegu berri eta langabezia tasa %6tik behera
Datuen arabera, enplegua %1,1 haziko da 2026an, eta horrek 11.000 lanpostu berri sortzea ekarriko du. 2027an, beste 8.000 lanpostu gehitzea aurreikusten da. Langabezia tasa, berriz, %6,4ra jaitsiko da 2026an, eta %6aren azpitik egongo da 2027an. Torresen arabera, «lan merkatua izango da hazkundearen zutabe nagusietako bat».
Langabezia tasa jaisteko joerari eusten zaio, eta enpleguaren hazkundea etengabea izango da, nahiz eta erritmo apalagoan. Hala ere, sailburuak argi utzi du «Euskadiko lan merkatuaren hobekuntza egiturazkoa» dela, eta erretiroa hartzen ari diren belaunaldiak kanpotik etorritako langileek ordezkatuko dituztela, «oinarri laboral egonkorra bermatuz».
Industriaren itzuleraren zain
Industriaren egoerak kezka sortzen du oraindik Jaurlaritzan, izan ere, sektore horrek %0,3ko hazkundea besterik ez zuen izan 2025ean. Hala ere, Mikel Torresekin baikor agertu da, eta aitortu du «2026an industria pixkanaka suspertzen hasiko dela» eta jadanik ikusten direla «susperraldiaren lehen zantzuak».
Errekor historikoak lan merkatuan
2025a urte historikoa izan da lan arloan: 1.036.804 pertsona zeuden Gizarte Segurantzan afiliatuta abenduan, inoizko kopururik altuena. Are gehiago, lehen aldiz, 500.000 emakume baino gehiago zeuden afiliatuta. «Euskadin inoiz baino pertsona gehiago daude lanean», adierazi du Torrek.
Langabeziari dagokionez, 107.434 pertsona zeuden lanik gabe abenduan, euroguneko batez bestekoaren antzeko mailan. Sailburuak azpimarratu du etorkinen ekarpen garrantzitsua: «2025ean Gizarte Segurantzan alta eman duten pertsona berrien %55 inguru jatorri atzerritarrekoak dira, eta horrek erakusten du enpleguaren hazkundean duten zeregin erabakigarria».
Gainera, nabarmendu du bere sailak hartu duen lan-baimenen kudeaketarako eskumen berriak funtsezkoak direla etorkinen laneratzeko prozesuan.
Datu ekonomikoak haratago: gizarte justizia eta bizi kalitatea
Mikel Torrek gogorarazi duenez, «ez da dena datu ekonomikoetara mugatzen», eta azpimarratu du gizarte justizia dela Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren politikaren «ardatz nagusietako bat». Azken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan estatuko pobrezia arriskurik txikiena dago, biztanleriaren %14,8a soilik egoera ahul batean baitago.
Gainera, errentaren banaketa hobetzen ari da eta Euskadik bizi-kalitate, berrikuntza eta garapen humano altueneko erkidegoen artean jarraitzen du, bai estatuan, bai Europan.



