Txakolinaren inguruko zita berezia izaten da urtero San Anton eguna Getarian. Aurten ere, jaia baliatu du Getariako Txakolina Jatorrizko Deiturak 2025eko uztaren aurkezpena egiteko, Balenciaga Museoan, eta zenbait datu esanguratsu argitara emateko: guztira, 2,5 milioi litro ardo ekoitzi dira, eta horietatik 3,3 milioi botila aterako dira merkatura.
Jatorrizko Deiturako presidente Itziar Eizagirrek azpimarratu duenez, uzta berriak 11 alkohol gradu, fruta zapore nabarmena eta garraztasun puntu orekatua ditu. Haren esanetan, kalitatean ezin hobeto erantzun duen urtea izan da.
Ekoizpenari eutsiz, hektarea gehiago landuta
Ekoizpenaren bolumena iazkoa bezain sendoa izan den arren, mahasti gehiago landatu dira: 2024an baino 21 hektarea gehiago, guztira 479 hektareara iritsita. Honek agerian uzten du sektorearen bilakaera positiboa, eta lurraren emankortasuna ongi kudeatzen ari dela.
Txakolin zuriak jarraitzen du nagusi izaten (%90), eta gainerakoa, proportzio txikiagoan, txakolin gorri (%9-10) eta beltz (%1) moduan banatzen da. Bestalde, urtero bezala, 30.000 litro inguru txakolin apardun ekoizten dira, upategien eskaeren arabera.
Gastronomia eta txakolina eskutik
Uzta berriaren aurkezpenean euskal gastronomiaren eta erakunde publikoen ordezkariak izan dira, eta ohikoa den bezala, Mahasti Jaun sariak ere banatu dira. Aurtengo sarituak Cebanc eta Karlos Argiñanoren Aiala sukaldaritza eskolak izan dira, txakolinaren alde egindako ekarpena eta prestakuntza lanagatik.



