Bularreko minbizia izan eta mastektomia jasaten duten emakumeek aurrean izaten duten erabaki garrantzitsuenetako bat da bularra berreraiki edo ez erabakitzea. Prozesu horrek ez ditu soilik faktore klinikoak barne hartzen; askotariko baldintza pertsonal, sozial eta emozionalak uztartzen dira, eta horien inguruko informazioa oso urria zen orain arte. Hutsune hori arintzeko helburuz, zazpi emakume ikertzaileren taldea osatu eta ikerketa burutu dute Emakunderen laguntzarekin.
Emakumeen ahotsa eta osasun-langileen ikuspegia elkarlotuz
Garbiñe Lozano, Maialen Araolaza, Maider Lamarain, Olalla Ondarra, Alazne Mujica, Olatz Mercader eta Ane Arbillagak osatu dute ikertzaileen taldea. Guztira, 135 emakumeren eta 19 osasun-profesionalen testigantzak bildu dituzte, prozesu konplexu horren nondik norakoak hobeto ulertu eta gomendio zehatzak emateko asmoz.
Txostenaren arabera, pazienteek kirurgiaren inguruko erabakiak hartzen dituztenean, faktore klinikoekin batera, beren nahiak, itxaropenak eta emozioak dira pisua duten elementuak. Hala ere, prozesua ez da beti erraza: «Emakumeek kalitatezko erabaki bat hartu ahal izatea bermatu behar da, profesionalen gidaritzapean eta modu lankidetsuan», nabarmendu dute ikertzaileek prentsaurrekoan.
Aholkularitza eta informazioaren gabezia, oztopo nagusi
Ikerketak argitu du osasun-sistemako hainbat langilek ez dutela behar bezalako prestakuntzarik erabaki horretan laguntzeko. Gainera, denbora falta eta zerbitzuen arteko komunikazio eskasa ere identifikatu dituzte arazo nagusien artean. «Erabakiak hartzeko prozesuan, askotan, antolaketa korapilatsua eta zerbitzuen arteko koordinazio falta nabaritzen dira», azaldu dute.
Ikertzaileek proposatu dute arreta-prozesuak optimizatzea: kontsulta-denborak luzatu, baliabide gehiago esleitu eta komunikazio-trebetasunak hobetu, erabaki prozesua osoagoa eta pertsonalizatuagoa izan dadin.
Presio estetikoaren eragina
Txostenak jasotzen duenez, emakume askok presioa sentitzen dute itxura fisiko jakin bat berreskuratzeko; hau da, gizarteak emakumezko gorputzari ezartzen dizkion estetikaren arauak betetzeko beharra. Horrek eragina du berreraikitze kirurgikoa hautatzerakoan.
Horregatik, ikertzaileek argi dute: «Onarpena, harreman pertsonalak eta autoestimua lantzeko estrategiak diseinatu eta aplikatu behar dira, bularreko edozein kirurgia jasaten duten emakumeen ongizate fisiko, mental eta emozionala bermatzeko».
Aniztasunetik ikasi
Lan hau lehen urrats garrantzitsua bada ere, Garbiñe Lozanok eta Ane Arbillagak azpimarratu dute ikerketak jarraipena behar duela: «Oraindik asko dago ikertzeko, eta ezinbestekoa da zapalkuntza eta pribilegio faltak bizi dituzten emakumeen ikuspegia ere barne hartzea, ondorio zabalagoak atera ahal izateko».
Bildu dituzten testigantzek agerian utzi dute ez dela erabaki erraza, eta pazienteei ez zaizkiela beti behar bezalako tresnak eta baldintzak eskaintzen. Hortaz, eredu arduratsuago eta zainduago baterako pausoak marraztu dituzte ikertzaileek, bai osasun-arloan eta bai gizarte mailan.



