Gazteen osasun mentalaren inguruko kezkak gero eta oihartzun handiagoa du gizartean, eta Elhuyarrek bultzatutako ‘Zurrunbiloa’ proiektuak erronka horri heldu dio kirolaren begiradatik. Elgoibarren egindako azterketan, 500 nerabe baino gehiagoren testigantzak jaso dituzte, baita hainbat aditu —psikologo, ikertzaile, entrenatzaile eta antropologo— elkarrizketatu ere, gazteen ongizatea baldintzatzen duten presio dinamiken berri emateko.
Proiektuak Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren laguntza izan du.
Sare sendo baten iturburu, baina ez beti babesleku
Azterketaren emaitzek baieztatu dute: kirola egiten duten nerabeek osasun fisiko eta mental hobea dute. Taldean aritzeak pertenentzia eta babesa ematen die, eta nerabeen %85entzat kirol taldekideak dira sare sozialik garrantzitsuena. Baina, horren atzean, bestelako errealitate bat ere bada: kirolaren espaziotik kanpo dauden gazteek laguntza eskatzeko zailtasun handiagoa dute. Hain zuzen, kiroletik at dauden nerabeen %61ek ez du laguntzarik eskatzen behar duenean, %37ko joera orokorraren aldean.
Gainera, gizarteak kirolaren inguruan duen prestigio sozialak zaurgarritasun egoeran jartzen ditu jarduera horretatik kanpo gelditzen diren gazteak, eta horrek eragin zuzena du osasun mentalean.
Indarkeria isilak, oharkabean
‘Zurrunbiloa’ proiektuaren ikerketak sei presio dinamika identifikatu ditu, oharkabean gazteen osasun emozionalari kalte egiten diotenak. Hauek dira:
- Mina idealizatzea edo normalizatzea.
- Jarrera autoritario eta zigortzaileak.
- Zaurgarritasuna umoretzat hartzea.
- Helduen espektatiba handiegiek eragindako tentsioa.
- Kirol esparruko hizkera bortitza.
- Isiltasunean oinarritutako konplizitatea.
Elhuyarren hitzetan, «biolentzia mota hauek ikusezin bihurtzen dira sarri, baina funtsezkoak dira gazteen ongizatean eragiteko».
Diagnosi batetik eraldaketarako bidea
‘Zurrunbiloa’-k ez du soilik diagnostikoa egin, proposamen eta irtenbideak ere bildu ditu, genero ikuspegitik eta inklusibitatearen praxitik. Helburua ez da kirola gaitzestea, baizik eta hura espazio osasuntsu, seguru eta eraldatzaile bihurtzea, presio sozialetik eta indarkeriatik libre.
Aholkulari eta adituen artean, Iñaki Alonso (Athleticeko haurrak babesteko lehen protokoloaren egilea eta Kunina Sport and Education-eko zuzendaria), eta Ainhoa Azurmendi (EHUko ikertzailea eta Realarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta federazio ezberdinekin aritutakoa) nabarmentzen dira.
Ikuspegi berritzaile bat: prozesua eta parte-hartzea
Proiektua hiru fasetan egituratu da:
- Lehenik, bost ikus-entzunezko ekoiztu dituzte, gazteen eta adituen testigantzak jasoz.
- Ondoren, Elgoibarren herri mailako diagnosi bat burutu da, eta horren bidez gazteen osasun mentalari eragiten dioten arazo nagusiak eta haien sustraiak identifikatu dira.
- Azkenik, parte-hartze faseari ekingo zaio: bi urteko lanaren emaitzak herriko eragileekin partekatuko dira eta bide-orri komun bat adostuko da, nerabeen ongizatea ardatz izango duena.
Proiektuaren arduradunek nabarmendu dute: «gazteen aurkako indarkeria ikusezin hori agerian jartzea funtsezkoa da osasun mentalaren krisiari aurre egiteko eta gizarte justuagoa eraikitzeko».



