Inflazioak nabarmen eragin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontsumitzaileen ohituretan. Enkofamer erakundeak argitaratutako Kontsumo-ohituren 2025eko Inkestak adierazi duenez, biztanleen %35,8k atzeratu egin du teknologiako edo etxeko produktuak erostea, elikadura bezalako oinarrizko produktuak lehenetsiz.
Inkesta hori Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren mende dagoen Enkofamer erakundeak aurkeztu du aste honetan. Sailak jakinarazi duenez, «azterketak agerian uzten du ekonomiaren inguruko ziurgabetasuna nagusi dela gizartean, eta gastu-ohituretan estrategia-aldaketa bat gertatu dela prezioen gorakadaren aurrean».
Bizitzaren kostua eta aurrezpena, kezka nagusiak
Txostenak nabarmendu du inflazioaren pertzepzioa ia orokorra dela: inkestatutako pertsonen %94,2k dio bizitzaren kostuak gora egiten jarraitu duela azken urtean. Testuinguru ekonomiko horrek familia askok aurrekontuak berrantolatzea ekarri du, gastuak oinarrizko beharrizanetara bideratuz.
Online erosketetan marken webguneak nagusitu dira
Erosketa digitalaren esparruan, ikerketak erakusten du kontsumitzaileek gero eta gehiago jotzen dutela marken webgune ofizialetara. Lehen aldiz, %55,1ek adierazi du horiek nahiago dituela plataforma orokorren aurretik.
Hala ere, tokiko merkataritzak erronka handia du digitalizazioari dagokionez, izan ere, online erosketak egiten dituztenen artean hirutik batek baino ez du baliatzen hurbileko saltokien kanal digitalik.
Hurbiltasuna eta jasangarritasuna, kontuan
Egoera ekonomiko zaurgarrian egon arren, inkestak erakusten du hurbileko kontsumoak garrantzia mantentzen duela. Biztanleen %53k oinez egiten ditu erosketak, eta horrek islatu egiten du auzoko merkataritzari eta hiri-inguruneko mugikortasun jasangarriari ematen zaion balioa.
Publizitatearen eragina: sare sozialak buru
Kontsumitzaileen erabakietan, sare sozialen eragina gero eta handiagoa da. Inkestaren arabera, %39,5ek dio sare sozialen bidez jasotzen duela publizitatearen eragin handiena, ohiko hedabide tradizionalen gainetik.
Kontsumoaren joerak aztergai
2025eko Kontsumo-ohituren Inkesta hau 1.804 elkarrizketa pertsonaletan oinarritu da eta elikadura, moda, teknologia eta aisialdiko zerbitzuak izan ditu aztergai. Azterketak islatzen du kontsumitzaileen lehentasunak nola moldatu diren inflazioaren testuinguruan, eta nola ari diren jarrera berriak hartzen, ardurazko kontsumoaren eta hurbileko merkataritzaren alde.



