Etxebizitza berriaren prezioa gora eta gora ari da Hego Euskal Herrian, eta 2025ean inoizko gailurrera iritsi da. Espainiako Tasa Sozietatearen azken azterketaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan metro koadroaren prezioa %7,3 igo da urtebetean, 3.582 euroraino iritsiz. Estatuko batez besteko prezioa baino ia 300 euro gehiago da kopuru hori.
Donostia, prezio gorenetan
Hiriburuen artean, Donostia da garestiena: metro koadroak 4.844 euro balio du batez beste. Haren atzetik Bilbo dago (3.518 €/m²) eta, azkenik, Gasteiz (2.718 €/m²). Espainiako estatuan, Donostia prezio altuena duen hirugarren hiriburua da, Bartzelonaren (5.987 €/m²) eta Madrilen (5.172 €/m²) atzetik.
Igoerarik handienak Bilbon (%7,8) eta Donostian (%7,4) izan dira, baina Gasteizek ere ez du atzean geratu nahi izan, eta %6,4ko gorakada izan du.
Nafarroa ere goranzko bidean
Nafarroan ere antzeko joera ikusten da: 2024aren amaieran etxebizitza berriaren batez besteko prezioa 2.302 euro zen metro koadroko, eta urtebete geroago, 2025ean, 2.469 eurora igo da.
Joera orokorra: prezioen hazkunde azeleratua
Tasa Sozietatearen azterketak nabarmentzen duenez, Estatuko etxebizitza berriaren prezioek goranzko joera azkartu dute 2025eko bigarren seihilekoan. Aurreko seihilekoarekin alderatuta, %4,7ko igoera izan da, eta urteko tartean %8,9koa.
Ondorioz, 2025eko abenduan, prezioaren bilakaerak beste behin marka historiko bat ezarri zuen: Espainiako estatuan metro koadroak batez beste 3.298 euro balio zuen. Igoerarik handienak Madrilen (%10,7), Balear Uharteetan (%10,1) eta Katalunian (%9,6) izan dira.



