Urte amaierarekin batera estatistiken bilketa egin zuen pasaden abenduan ATI Komunikazio Taldeak ohi modura, ataunirratia.eus atariaren kontsumitze datuak eta Ataun Irratiaren entzulegoak zenbakietan isladatu ahal izateko. 2021eko abenduaren 20tik, 2022ko abenduaren 18ra bitarte jasotako datuek, kontsumitzaileen interes ezberdinak erakutsi dituzte beste behin. Interes horietara moldatzea izan da ikasturte berriko erronka nagusietako bat Komunikazio Taldearentzat; webguneko orrialde nagusiaren itxura aldatzea, ‘Nahibezala’ plataformaren egokitze lanak burutzea, sare-sozialen lehen berritze prozesu bat ematea eta Ataun Irratiaren erabateko programazio aldaketa bat aurrera eramatea.
Urte askoz asteburuetako programazioan jarri du arreta nagusia Ataun Irratiak, larunbat zein igandeetan eskaini izan bai ditu edukirik nagusienak. Ikasturte berri honetarako aldiz, orain arte eman ez den aldaketa nagusi bat eman nahi izan du; asteburuetan eskaintzen ziren eduki horiek astelehenetik-ostiralera bitarteko egunetara egokitu, ea entzuleen kontsumo ohiturak aldatzen ziren ikusteko.
Aldaketa hori urriaren urriaren 3tik aurrera jarri zen martxan eta hasiera batean zaila egin bazen ere, Google Analytics eta Quantcast plataformek eskura jarritako datuen arabera, badira beraien ohiturak aldatu dituzten entzule ugari. 2021eko abenduaren 20tik, 2022ko urriaren 3ra bitarte baino %8,76 entzule gehiago dira egun Ataun Irratiaren uhinekin bat egiten dutenak astelehenetik-ostiralera. Entzuleen %60 Espainiar estatutik konektatzen da, %23 Alemaniatik, %3 Mexikotik, %3 AEB-tatik eta gainerako %11 Frantzia, Italia, Kolonbia, Argentina, Grezia eta Brasil lurraldeek osatzen dute.
Hilabeteek aurrera egin duten bitartean aldiz, 10. urteurrenari esker, eraldaketa handi bati ekin dio Komunikazio Taldeak. Martxoaren 15ean, irratiaren ikur zaharrari agur esan eta diseinu berriarekin fase berri bat zabaldu da. Sare-sozialetako itxura aldatu eta webgune berria martxan jartzea izan da bigarren fasea. Datozen hilabeteetan berriz, webguneko zerbitzuak indartu eta ohiko eskaintzak txukunduko dira, gainerako plataforma digitaletako edukiak ere modu egokian parteka daitezen.
Ataungo herriaren oinarrizko berriak eskaintzeari ekingo dio berriro ere ATI Komunikazio Taldeak. Gertakariak, ekintzak, iragarpenak eta askoz ere gehiago topatzeko aukera izango delarik aurrerantzean. Irratiko beste hamaika edukiz gain, umorea eta entretenimendua ere ez dira faltan izango, challenge-ak eta bestelako bideoak ere bueltan izango direlako.