Ataun Kirol Elkarteak hiru mendi-ibilaldi antolatu ditu igande honetarako Ataungo mendietan zehar eta guztiak, Auzoeta kiroldegitik abiatuko dira. Jentilen Bideetatik egingo dira hirurak: Luzeenak 48 km izango ditu eta udal barrutia inguratuko du, tarteko ibilbideari dagokionean berriz 21 km-ko neurria izango du eta motzak berriz 8 km.
Antolatzaileek zehaztutako datuen arabera, 400 eta 500 lagun gerturatzea espero dute gaur gaurkoz, aurrez izena emateko deia egin bai zuten www.zirkuitua.com webgunearen bitartez. Ibilbide luzeak egin ahal izateko 10€ ordaindu beharko dira lagun bakoitzeko, motza berriz dohainik egiteko aukera eskaini dute. Ostegunean itxi zuten aurrez izena emateko aukera zehaztutako webgunearen bitartez, baina egunean bertan gerturatzen direnek arazorik gabe izango dute jardueran parte hartzeko aukera antolatzaileen ahotan.