Larunbat honetan burutuko da Jentilen Etorreraren edizio berri bat. 1981etik ataundarrek elkarlanean sustatzen duten emanaldia da, eta oraingoan ere, urtero bezala, eskaintza berri batekin datoz esku artean. Jentilbaratza Kultur Elkarteko Maitane Aizpurua eta Juanjo Maizak ‘Bide Ertzean’ saioan aipatu zuten moduan «beldurra izango da nagusi» edizio berri honetan, «gau horretan zenbait etxeetako haurrek ez dute lorik egingo» azpimarratu zuen Aizpuruak.
Kultur Elkarteak zehaztutako informazioaren arabera 150 bat ataundar izango dira oholtzaren gainean, baina badira beste zenbait zereginetan lagunduko duten herritarrak ere. Ezohiko antzezlana izango dela aurreratu dute, kondaira bat kontatuko dutela beste behin ere, Ataungo herrian jasotako ipuin batzuekin osaturikoa.
San Martin auzoko plazan izango da lehen zatia, 19:15ean elkartu, eta antzezpen desberdinen ondoren Auzoeta kiroldegira abiatuko dira desfilean. Urtero legez bi emanaldi eskainiko dira bertan, lehena 20:00etan izango da eta bigarrena 22:00etan. Informazio guztia www.jentilbaratza.eus webgunean dago eskura, eta egunean bertan Kultur Elkartearen Facebookeko orrialdean, zein Instagrameko kontuan izango direla azpimarratu dute.