2024ko EAEko hauteskundeetan 27 eserleku eskuratu ditu EH Bildu alderdi subiranistak, inoizko boto gehien lortuta, ia 350.000. Gauzak horrela, inoizko legebiltzarkide gehien izango ditu Gasteizko parlamentuan, 2020ko hauteskundeetan eskuratutakoak baino 6 gehiago.
Pello Otxandiano lehendakarigaiaren hitzetan «ia 100.000 boto egin du gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezker subiranismoak hauteskunde hauetan». Sei eserleku gehiago eskuratzea lortu du EH Bilduk eta beraz, «mapa politikoa aldatu da» Otxandianoren esanetan. «Jada bagaude beste garai batean, orain dela lau urte indar politiko bat zegoen hegemonikoa zena instituzionalki, eta 10 eserlekuko aldea genuen, gaur, eserlekuetan ez dugu alderik» alderdi subiranistako lehendakarigaiaren esanetan.
Araban zein Gipuzkoan lehen indarra izatea lortu du EH Bilduk, baita zenbait herritan ere; Eibarren, Zumarragan edota Urretxun esate baterako. Bizkaiko Ezkerraldean emandako «beste jauzi bat» txalotu du Otxandianok: «Herri hau martxan jarriko dugu bere gaitasunen neurrira, geldiezina da».
Arnaldo Otegi, EH Bilduren koordinatzaile nagusiak nazio ikuspegia izan du ardatz hauteskunde gauean, eta zazpi lurraldeei egin nahi izan die erreferentzia: «Abertzaleek kontabilitatea maila nazionalean egiten dugu, guretzat Euskal Herria zazpi lurraldek osatzen dutelako, eta esan dezakegu Euskal Herrian 400.000 boz baino gehiago ditugula, lehen indar abertzalea gara Euskal Herria bere osotasunean kontuan hartuta».
Alderdiak emandako urratsak ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan Otegik: «Gasteizen irabazi dugu, Araban irabazi dugu, Gipuzkoan irabazi dugu. Sekulakoa egin dugu gaur. Erronka batzuk jarri genituen kanpainan zehar, eta erronka guztiak bete ditugu, 350.000 boz inguru batu ditugu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan». Datozen erronkei begira jarri da ondoren Otegi, Europar hauteskundeei begira zehazki: «Lehen indar politikoa izan behar gara Europako hauteskundeetan» azpimarratu du.