Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria landu nahi du Ataungo herriak datozen hilabeteetan, eta horretarako, lanketa garrantzitsu bat jarri nahi izan du abian Ataungo Udalak. Plan orokor hau, udalerri batean egin ohi den ariketa kolektibo garrantzitsu bat da, aurrera begira etor daitezken erronkak eta beharrak zeintzuk diren aurreikusi eta egoera berrietarako egokitzeko aukera ematen duelako. Oso garrantzitsutzat jo dute udalaren eta herritarren arteko elkarlana, etorkizuneko Ataun definitu eta erronkei nola erantzun jakiteko.
Irailaren 12an ekingo diote laugarren faseari, bertan, lau alternatibak baloratu eta eztabaidatuko dituzte. Hitzordua Aia auzoko Erroipen izango da 18:00etan. Segidan berriz beste zenbait hitzordu etorriko dira gaiaren inguruan eztabaidatu ahal izateko: Irailak 18, 18:00etan, San Gregorio auzoko elkargunean eta irailak 19, 18:00etan San Martin auzoan, Udaletxearen pleno aretoan. Urriaren 12an berriz aurrerapen proposamenaren inguruko ekarpenak jasoko dira kalean 11:00etatik 13:00etara bitarte, San Martin auzoko plazan.
Bestetik, azpimarratu dutenez, fase honetan zehar zenbait saio monografiko egingo dituzte gai zehatzen inguruko lanketak egin ahal izateko. Bertaratu ahal izateko nahitaezkoa izango da aldez aurretik izena ematea www.atauneginelkarrekin.eus webgunean.