34 urteko gizon batek Yaneli Gonzales 31 urteko emakumea hil du ostegun honetan Bilbon, biek partekatzen zuten etxebizitzan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Hilketa matxista Santutxu auzoan izan da, Larreagaburuko Ortutxueta kalean 00:20 aldera.
Bizilagunek larrialdi zerbitzuei deitu diete entzuten ari ziren oihu eta zaratengatik, eta Bilboko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak bertaratu dira, EITBk jakinarazi duenez. Etxe barruan, arma zuri batek eragindako lesio handiak zituen emakume bat aurkitu dute agenteek. Mediku batek heriotza ziurtatu du.
Heriotzaren ustezko egilea etxe barruan zegoen, eta Ertzaintzak atxilotu eta ospitalera eraman du. Lehen informazioen arabera, ez zegoen gizon horri buruzko genero-indarkeriako aurrekaririk edo erregistrorik, baina bai arazo psikiatrikoak zituela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.
Biboletak Ataungo Talde Feministak elkarretaratzea deitu du ostiral arratsaldeko 19:00etarako San Martin auzoko plazan.