Urte eta erdi baino gehiago igaro da Osasun Zerbitzu Publikoa gabezia nabarmenak jasaten hasi zenetik Ataungo herrian. San Martingo eta San Gregorioko auzoetako kontsultetan egoera ezberdinak bizi izan ondoren, astelehen honetatik aurrera bigarren mediku bat hasiko da lanean San Gregorioko kontsultan. Osakidetzako arduradunak zehaztutako informazioaren arabera astelehen, astearte, asteazken eta ostiraletan 10:00etatik 12:30era egongo da bertan, eta ostegunetan Lazkaon pasako du kontsulta.
Udalak aurrerapauso handitzat jo du Osakidetzak Ataungo herriari beste mediku baten zerbitzua eskaini izana, baina lanean gogor jarraituko dutela azpimarratu nahi izan dute herritarren osasunaren, eskubideen eta zerbitzuen alde. San Martin auzoko kontsultari dagokionean, orain arteko medikuak jarraituko du egunero lanean, 08:00etatik 15:00etara bitarte.