Azken hilabeteetako euri-jasen ondorioz, hainbat mendi-bidetan hondamendiak izan direla jakinarazi du Ataungo Udalak. Luizi ugari izan direla azpimarratu du. Euriak lurzorua busti eta materialak egonkortasuna galdu du gune ezberdinetan, harriak eta lur-masak behera etorri dira, eta errepide zein ibilbideetan oztopoak sortu dira.
Prezipitazio jarraituak eta lurzoruan pilatutako hezetasunak eragin dituzte luizi hauek. Bereziki malda handiko eremuetan eta lurzorua ahul dagoen tokietan, arriskua nabarmen handitu da. Halako egoerak gerta daitezkeela kontuan izanda, segurtasuna bermatzeko, mendiko ibilbideetan arretaz ibiltzea eta eguraldiaren iragarpenak kontuan hartzea gomendatzen dute adituek.
Ataungo Udala luizi hauetako batzuk konpontzen ari da; batzuk udalak berak finantzatu ditu, eta beste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiaren %50eko finantzaketarekin.