Espainiako Ministroen Kontseiluak trikitixa espezialitatea txertatzea onartu du goi-mailako musika irakaskuntzan. Erabaki honek trikitixaren irakaskuntza akademikoa formalizatzea ahalbidetuko du, baita ikerketa-eremu berriak sortzea ere, musika tresna honen transmisioa eta zabalkundea bermatzeko.
Dekretu berriak trikitixaren irakaskuntza arautuko du
Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioak eskatuta, astearte honetan onartutako Errege Dekretuak espezialitate berri honen curriculumaren oinarriak, ordutegiak, ebaluazio-irizpideak eta helburu pedagogikoak zehazten ditu. Horretaz gain, hezkuntza-administrazioek aukera izango dute beste irakasgai batzuk txertatzeko, espezialitatearen edukiak aberasteko helburuarekin.
Ministerioak nabarmendu duenez, trikitixa Euskal Herriko musika tresna adierazgarrienetako bat da: «XIX. mendearen erdialdean iritsi zenetik, trikitixak errotze handia izan du festetan, erromerietan, omenaldietan eta kalejiretan, beste musika genero herrikoi batzuekin uztartuz, hala nola balsak, mazurkak, tangoak edo boleroak».
Errege Dekretuak berretsi duenez, espezialitate berriarekin “trikitixa euskal musikaren nortasun-elementu gisa aitortzen da”, eta haren proiekzio soziala eta profesionala sendotuko da. Helburua da musika lengoaia tradizionala eta berritzailea uztartzea, Euskal Herriko musika ondarea zaindu eta etorkizunerako garatzeko.
Hezkuntza Sailaren balorazio positiboa
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak azpimarratu du “lorpen historikoa” dela espezialitatearen sorrera eta aitortu du Hezkuntza Saila pozik dagoela: «Izapide guztiak amaitu dira, eta laster hasiko dira trikitixa espezialitateko ikasketak musika kontserbatorio profesionaletan eta musika zentro baimenduetan».
Pedrosak eskerrak eman dizkie Hezkuntza Sailari lagundu dioten erakundeei, Euskal Herriko Musika eta Dantza Eskolen Elkarteari (EHME) eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteari, haien ekarpena erabakigarria izan baita prozesu honetan.
Euskal dantza, hurrengo erronka
Trikitixaren irakaskuntza araututa, Hezkuntza Sailak beste urrats bat ematea proposatu du: euskal dantza goi-mailako ikasketa gisa txertatzea. Pedrosaren arabera, «lehen urratsak ematen ari gara, euskal dantza ere goi-mailako titulazio akademiko gisa onartua izan dadin».