Joan den ostegunean, otsailaren 20an, Lizarrustiko ostatua erabiltzeko eta kudeatzeko lehiaketa irekiaren lizitazio iragarkia kaleratu zen. Deialdiak tabernan eta aterpetxean arreta ematea eta horiek dinamizatzea du helburu, ingurune berezi honetan bisitariei kalitatezko zerbitzu integrala eskaintzeko.
Prozedura irekiko lehiaketa izango da, eta pleguetan ezarritako baldintzak betetzen dituen edozein pertsona juridikok parte hartu ahal izango du. Proposamenak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izango da, iragarkia argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita.
Kontratuaren iraunaldia urtebetekoa izango da, baina beste lau urtez luzatzeko aukera aurreikusten da. Horrela, irabazleak aukera izango du epe luzeko proiektu bat garatzeko, inguruko turismoa eta ostatuaren jarduera dinamizatuz.
Kontratazio mahaiak honako irizpideak hartuko ditu kontuan aukeraketa prozesuan:
- Aterpetxeko eta tabernako bisitariak artatzeko zerbitzuaren kalitatea (egutegia, ordutegia eta antolaketa).
- Ostatura bisitariak erakartzeko jarduera proposamen berritzaileak.
- Alokairuaren hobekuntza eta eskaintza ekonomiko lehiakorrak.
- Genero berdintasuna bermatzeko neurrien aurkezpena.
- Ingurumen irizpideak errespetatzen dituzten kudeaketa-ereduak.
Lizarrustiko ostatua ingurumenarekin lotutako aisialdirako eta turismo jasangarrirako erreferentzia bihurtzeko aukera paregabea da. Udalak eta lehiaketa antolatzaileek proiektu berritzaileak dituzten erakundeak parte hartzera animatu nahi dituzte, naturaren eta bertako baliabideen zaintza lehenetsiz.