Errumanian egoera gero eta korapilatsuagoa da, krisi instituzionala eta eskuin muturreko talde batzuen gorakada bat eginik daudelarik. Călin Georgescu presidentetzarako hautagai ohiaren atxiloketak ezustea eragin du, baina horren atzean kanpaina ilun bat, finantzaketa eztabaidagarria eta meatzaritzaren interes ekonomikoak daudela argitu dute ikertzaileek.
Hautagai polemikoa: ekologistatik ultraeskuinerako bidea
Călin Georgescu (Bukarest, 1962) agronomoa eta ingurumen gaietan aditua izan zen. Bere ibilbide profesionalean garapen jasangarriaren alde lan egin zuen hainbat erakundetan, besteak beste, Erromako Klubaren Europako ikerketa zentroan eta Nazio Batuen hainbat programatan. Baina azken urteotan, bere diskurtsoa eskuin muturrera joan da nabarmen, harik eta faxismoaren eta konspirazioen defendatzaile bilakatu arte.
2013tik aurrera, politika aktiboagoan murgildu zen eta 2020an AUR alderdi ultrakontserbadoreak lehen ministro gisa proposatu zuen. Hala ere, bere aldeko babesa galdu zuen Ion Antonescu eta Corneliu Codreanu goraipatu zituelako. Antonescu Errumaniako diktadore faxista izan zen Bigarren Mundu Gerran, eta Codreanuk alderdi ultranazionalista, antisemita eta homofobo bat sortu zuen XX. mendearen lehen erdialdean.
Atxiloketa eta sei delitu larri
Georgescuk otsailaren 26an Poliziaren esku hartu zuen, eta Errumaniako Justiziak sei delitu egozten dizkio. Horien artean, ordenu konstituzionalaren aurkako ekintzak sustatzea, desinformazioaren zabalkundea eta iruzur bidezko finantzaketa daude. Gainera, izaera faxista eta arrazista duen erakunde baten sustapena, genozidioaren gorazarrea eta antisemita taldeekin harremana edukitzea ere leporatzen dizkiote.
Bere aurkako karguak publiko egin eta gutxira, Georgescuk agur nazia egin zuen kameren aurrean, eztabaida are gehiago piztuz.
Hauteskunde prozesuaren bertan behera uztea: sare sozialen eragina
Errumaniako egoera politikoa okertu egin da azken hilabeteetan. Azaroaren 24ko presidentetzarako lehen itzulian, Georgescuk ustekabean lehen postua eskuratu zuen. Bigarren itzulia abenduaren 8an egitekoa zen, baina bi egun lehenago Konstituzio Auzitegiak hauteskunde prozesua baliogabetu zuen, inteligentzia zerbitzuek hainbat irregulartasun atzeman ondoren.
Hauteskunde prozesuan EBtik kanpoko esku-hartze bat egon zela baieztatu dute ikertzaileek. TikTok izan zen tresna nagusia, eta milioika bot kontu sortu ziren Georgescuren aldeko edukiak masiboki zabaltzeko. Eduki antisemitak, misoginoak eta homofoboak moderatu gabe geratu ziren aste luzez, EBko Zerbitzu Digitalen Legea urratuz.
Errumaniako justiziak Turkiari eta Errusiari laguntza eskatu die “troltegi” (troll farm) delako bat ikertzeko, non Georgescuren aldeko 20.000 kontu baino gehiago kudeatzen ziren.
Meatzaritza eta kanpainaren finantzaketa iluna
Baina, nork ordaindu du kanpaina erraldoi hau? Georgescuk dio ez zuela gasturik egin, baina 50 milioi euroko aurrekontua izan zuela egiaztatu da.
Ikerketen arabera, bi pertsona klabe daude finantzaketaren atzean:
- Bogdan Peșchir, milioi bat euroko ekarpena egin zuena TikTokean Georgescuren promoziorako.
- Horaţiu Potra, Afrikako meategiak zaintzeko sikarioak kontratatzen zituen enpresaburua.
Potra Frank Timis enpresari errumaniar-australiarraren laguntzaile zuzena zen. Timisek Roşia Montanăko urre meategiaren ustiapenarekin interesa zuen, eta Georgescuk hauteskundeak irabaziz gero, baimenak berriro emateko konpromisoa hartu zuen.
Potrak ihes egin du, baina bere etxean armategi bat, granadak, urre lingoteak eta 3,3 milioi dolar aurkitu dituzte. Prokuradoreek baieztatu dute Georgescuren taldeak Errumaniako sistema politikoa ezegonkortzeko asmoa zuela.
Errumaniaren etorkizuna, jokoan
Errumanian bizi den egoera ez da soilik hauteskunde iruzurraren edo sare sozialen manipulazioaren kasu bat. Honetan nazionalismo erradikala, meatzaritzaren interes ekonomikoak eta desinformazio estrategiak uztartu dira, Georgescuk eta bere inguruko taldeek boterea eskuratzeko.
Hauteskunde prozesua maiatzera atzeratu da, baina oraindik ez da argitu Georgescuk berriz aurkeztuko ote den. Kazetari eta ikertzaile independenteen lana funtsezkoa izaten ari da gertatzen ari den guztia argitara ateratzeko, eta horren arabera zehaztuko da Errumaniaren etorkizun politikoa.