Azken urteetan sare sozialetan pil-pilean dauden azala zaintzeko errutinek eragin zuzena izan dute haur eta gaztetxoengan. Estatu Batuetan, 13 eta 17 urte arteko gazteen azal zaintzarako produktuen erosketa %28,6 hazi da urtebetean, eta 6 eta 12 urte artekoen familiena, berriz, %27,2. Arduraz begiratzeko moduko joera bilakatu da hau.
Produktuak ez dira egokiak eta kaltegarriak izan daitezke
Azalaren zahartzea murrizteko edota atzeratzeko produktuak ez dira haur eta nerabeentzat egokiak, ez baitute horrelakorik behar. Are gehiago, hainbat produktu kimikok kalte larriak eragin ditzakete haien azalean. Erresuma Batuko Dermatologoen Elkarteak ohartarazi duenez, produktu horien erabilerak atzerabiderik gabeko kalte dermatologikoak sor ditzake adingabeengan.
Kalifornian lege-proiektu bat abiatu dute
Egoera honen aurrean, Kaliforniako Batzarreko kide Alex Lee-k lege-proiektu bat aurkeztu du, 18 urtez azpiko haurrei eta gazteei zahartzearen kontrako produktuak saltzea debekatzeko. Leek adierazi du: «Edertasunaren industriak haurrei ez dagozkien produktuak saltzen dizkie, diruaren truke. Hori amaitu behar da».
Sephora Kids izeneko fenomenoa aipatu du, eta ohartarazi du edertasunaren industria ez dela ari neurri arduratsuak hartzen: «Gure gazteria esplotatzeari utzi behar diogu. Orain da unea jarduteko».
Zein osagai debekatu nahi dira?
Lege-proiektuak debekatu nahi dituen osagai nagusien artean daude:
- A bitamina eta eratorriak (erretinoideak eta erretinola barne).
- Alfa hidroxiazidoa.
- Azido glikolikoa.
- Azido askorbikoa (C bitamina).
- Azido zitrikoa.
Osagai horiek kolagenoaren ekoizpena bultzatzen dute eta zelulen birsorkuntza areagotzen dute, baina hori ez da beharrezkoa haur eta nerabeengan.
Haurren azala, sentikorragoa eta zaurgarriagoa
Adin txikikoen epidermisa finagoa izaten da, eta babes natural gutxiago du. Zelula birsorkuntza azkarragoa dute helduek baino, baina horrek ez du esan nahi estimulatu beharra dagoenik. Are gehiago, pH maila altuagoa eta immunitate-sistema garapen bidean dutenez, narritadura, alergia eta bestelako arazo dermatologikoak izateko arriskua handiagoa da.
Arautzaileak ez daude prestatuta
Alex Leeren arabera, azala zaintzeko produktu gehienek ez dute adingabeengan erabilera segurua dela egiaztatzeko probarik gainditu, ezta Elikagaien eta Sendagaien Administrazioak (FDA) eta Sendagaien Europako Agentziak exijitutakoak ere. Salbuespenak haurrentzako lozioak, eguzkitako kremak edo botikak dira, hauek bai baitira bereziki pentsatuak adin txikikoentzat.



