Eskandinaviako herritarrak, batez ere Norvegia, Suedia eta Danimarkakoak, AEBtako produktu eta zerbitzuei boikota egiten hasi dira, Donald Trump AEBtako presidenteak Europako produktuei ezarritako muga-zergen eta bestelako mehatxuen aurrean.
Salmenten beherakada nabarmena
Boikota bereziki Elon Musk enpresariak zuzenduriko Tesla ibilgailuei eragiten ari da. Tesla autoen salmentak %30 baino gehiago jaitsi dira urtearen hasieratik Eskandinaviako hiru herrialde horietan. Suedian eragin berezia izan du boikotak: Tesla autoen salmentak erdira jaitsi dira, nahiz eta aldi berean auto elektrikoen matrikulazioak %32 igo diren iazko epe berarekin alderatuta.
Göteborgs-Posten hedabide suediarrak egoera zehaztu du: «Teslak auto elektriko berria aurkeztu du azken hiruhilekoan, baina hala ere bere salmentek behera egin dute nabarmen».
Herritarren babesa, oso zabala
TV4 telebista kate suediarrak eginiko inkesta baten arabera, hamar suediarretatik zortzik (%78) prest egongo lirateke jatorri estatubatuarreko produktuei «boikot serioa» egiteko. Adinaren eta generoaren arabera ikusita, deigarria da 18 eta 34 urte bitarteko emakume gazteen artean boikotaren aldeko babesa %91koa dela. Aldiz, gizonezko gazteetan (%60) jarrera epelagoa da. Gizonezkoetan, boikotaren aldeko jarrera gehien dutenak 65 eta 84 urte bitartekoak dira.
Oporretako erreserbek ere beherakada handia izan dute
Danimarkak ere boikotarekin bat egin du nabarmen. Politiken egunkariaren arabera, AEBetara oporretan joateko danimarkarren erreserbak %30 jaitsi dira azken hilabeteetan.
Produktu europarren aldeko ekimenak ugaritu dira
Interneten sortu diren hainbat talde eta ekimenen bidez, gero eta jende gehiagok uzten ditu Google edo Netflix bezalako zerbitzu estatubatuarrak, eta baita Tropicana zukua, Oreo gailetak, Colgate hortzetarako orea eta Kleenex mukizapiak bezalako produktuak ere. Produktu europarren aldeko kanpainak biderkatu egin dira sare sozialetan.
Danimarkako Bilka supermerkatu-kateak urrats bat gehiago eman du produktu europarrak sustatzeko. Produktu europar guztiei izar urdin bat duen kartel berezia jarri diete erosleei haien jatorria argi erakusteko. «Izarra ipini diegu europar jatorriko elikagaiei. Erabakia zurea da, baina erraztu nahi dizugu Europaren erosketa», dio kartelak, nahiz eta bertan ez den esplizituki aipatzen AEBk boikotatzeko ideia, hori legez kanpokoa izango bailitzateke.
Gobernu mailako tirabirak Norvegian
Norvegian, boikotaren kontuak Gobernuan bertan ere tirabirak eragin ditu. Gunnar Gran erregai-hornitzaile handienetako enpresako buruak publikoki iragarri zuen ez ziela «gehiago erregairik salduko urpekari estatubatuarrei». Hala ere, Gobernuak berehala zuzendu zituen adierazpenak, Defentsa ministroaren bidez. «AEBei eta mundu guztiari salduko zaio erregaia, inolako diskriminaziorik gabe», ziurtatu zuen ministroak.
Nahiz eta Gobernuak AEBei babesa erakutsi, herritarren artean gero eta handiagoa da produktuen boikotaren aldeko mugimendua Eskandinaviako herrialdeetan.