Donostiako Dabadaban ospatu zen NAIZ Irratiko MusikHariaren 1.000. saio berezia, eta ospakizunaz gain, euskal musikaren aldeko apustu sendo berri bat aurkeztu zuten bertan: NAIZ Musika.
Ekimena NAIZek martxan jarritako musika kanal berria da, eta helburu argia du: musikariei eta musikazaleei espazio propioa eskaintzea. Webgune berria dagoeneko martxan dago (musika.naiz.eus) eta irrati emisioak entzungai daude online zein FM bidez, Gasteizen (87.7 eta 90.4) eta Bilbon (101.1).
Bide emankor baten jarraipena
NAIZeko zuzendari Ane Urkiri-ren hitzetan, «urratsez urrats, baina anbizio handiz» eraikiko dute proiektu hau: «Beti egin dugu gure musikaren alde. Pandemian NAIZ Kontzertuak antolatu genituen gure sortzaileei plaza emateko, eta komunitateari musika eskaintzeko. Orain, NAIZ Musika-rekin, etxe berri bat sortu dugu».
Urkirik nabarmendu du NAIZen musika beti egon dela lehen lerroan: GARAn, 7K-n, Gaur8n edo NAIZ Irratian bertan egindako lanez gain, Hatortxu Rock eta ZEID Fest bezalako jaialdien babesa ere aipatu du, «ematen ere saiatu gara» adieraziz.
1.000 saio, 1.000 istorio
MusikHariaren 1.000. saioa mugarri bihurtu da. Iker Gurrutxagak gidatutako irratsaioa euskal musikaren erreferente bihurtu da urteotan, eta zuzeneko saio bereziak agerian utzi du komunitatearen babesa eta maitasuna.
Judit Neddermann kantautore kataluniarra izan zen lehen agertzen Dabadaban, eta Idoia Asurmendi izan zuen lagun oholtzan. Horrez gain, publikoak goxatu zituen beste hiru bikotek: Gartxot Unsain & Izaro, Olaia Inziarte & Olatz Salvador, eta Iker Lauroba & Lide Hernando.
Musikaren arloko ordezkaritza zabal eta esanguratsua izan zen bertan: Maddi Arana (Musika Bulegoa) eta Sara Azurza (Musikarien Elkartea), besteak beste, saioan parte hartu zuten.
«Beti gure musikaren alde»
Saioa amaitzeko, Iker Gurrutxagak esker hitzak eta konpromiso sendoa plazaratu zituen: «Hau da NAIZ Musika, beti gure musikaren alde!». Mezua argia da: etorkizunean ere, euskal musika oinarri izango duen espazio sendo bat eraikitzen jarraituko dute.