Hezkuntza publikoko irakasleek zazpigarren greba eguna egin dute ostegun honetan, eta astelehenean hasi zuten mobilizazio ziklo berriko hirugarrena izan da. Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, «Lakuako Gobernuak ez du benetako negoziazioa mahaigaineratu» eta horrek mobilizazioekin jarraitzera behartzen ditu.
«Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!» lelopean, milaka irakaslek manifestazio zentralizatu jendetsua egin dute Donostian. Bertan salatu dutenez, sektoreko lan baldintzak «okerrera» egiten ari dira, eta Hezkuntza Sailak «aldebakartasunez erabakiak hartzen ditu, eduki esanguratsurik gabeko negoziazioak luzatuz».
Goizean Donostiara sarrera moztu du LABek
Goizean goizetik, protesta eguna indarrez hasi da. LAB sindikatuak Donostiako sarrera nagusietako bat moztu du, grebaren aldarrikapenei bultzada emanez.
Sindikatuen hitzetan, «Hezkuntza Saila oso ondo daki gatazka gainditzeko zer eduki jarri behar diren mahai gainean, baina negoziazioa etetea erabaki du». Eta argi adierazi dute: «Irakasleek oso garbi utzi dute beren borondatea, eta benetako negoziazio bat gauzatu arte borrokan jarraituko dugu».
15 urteko atzerapena lan-hitzarmenean
Sindikatuen esanetan, hezkuntza publikoko lan-hitzarmena 15 urtez eguneratu gabe dago. Horregatik, aldarrikapenak ozen luzatu dituzte berriz ere: lan kargen arintzea, plantilla gaztetzeko plan egoki bat, enplegu publikoa finkatu eta bermatzea, erosahalmena berreskuratzea eta osasun laborala, euskara eta hezkidetza bermatzeko neurriak.
«Alde horretatik, posible den edozein akordio edukiz eta zehaztasunez bete behar da», adierazi dute, eta ohartarazi: «Ez badago erantzunik, grebekin jarraitzeko indarra dugu».
Apirilaren 1ean eta 2an greba berriak
Sindikatuen ustez, «grebek soilik mugitzen dute Eusko Jaurlaritza», eta horregatik dei egin diote berriz ere Begoña Pedrosak zuzentzen duen sailari: «Edukiz eta zehaztasunez beteriko mahaiak deitu ditzala».
Amaitzeko, eskola publikoaren aldeko inbertsioa handitu eta lan baldintzak hobetu behar direla azpimarratu dute, eta irakasleei deia luzatu diete apirilaren 1ean eta 2an deituta dauden greba egunetan ere parte hartzeko.