ATI Komunikazio Taldeak Ataun Irratiaren eta ataunirratia.eus webgunearen 2025eko lehen hiruhilekoko datuak argitaratu ditu, eta gorakada nabarmena izan dela erakutsi dut datu hauek urtarrilaren 1etik martxoaren 31ra arteko aldian.
Webgunearen erabiltzaileek gora egin dute
Urteko lehen hiru hilabeteetan 246 mila erabiltzaile izan ditu ataunirratia.eus webguneak, hilabete batean 82 mila izan dira bataz beste. Gainera, webgunea inoiz bisitatu ez duten erabiltzaileak erę izan dira urtarriletik martxorako aldian protagonista, zenbait edukik piztutako interesari tiraka, aurkikuntza ezberdinak egin bai dituzte.
Herriko albiste eta edukiak izan dira bisitariek gehien kontsumitu dituztenak; besteak beste, kultura-ekitaldiak, tokiko gertakariak, kirol-emaitzak eta informazio orokorra. Ikus-entzunezko edukiak ere oso arrakastatsuak izan dira, batez ere ‘Bide Ertzean’ saioan bideo formatuan eskainitako elkarrizketak, bai webgunean eta bai sare sozialetan.
Online entzuleak eta ‘Nahibezala’ plataformaren hazkundea
Ataun Irratiaren FM bidezko entzuleen kopurua jakiterik ez baldin badago ere, Internet bidez irratiaren programazioa jarraitzen dutenen kopuruak nabarmen egin du gora datuek erakutsi dutenez. Bereziki, ‘Nahibezala’ plataforma erabiltzen duten entzuleak areagotu direla nabarmendu dute ATI Komunikazio Taldeko arduradunek.
‘Kultur Zast!’ podcastak izan duen harrera ere azpimarratzekoa da, asko izan direlako entzunaldi bat baino gehiago eman eta elkarbanatu dutenak. ‘Bide Ertzean’ saioko tertuliek ere igoera bat izatea lortu dute denboraldi honetan.
FMaren kalitatea eta formatu berriak indartzeko apustua
ATI Komunikazio Taldeak herritarrei kalitatezko informazioa eskaintzen jarraitzea du helburu, eta horretarako lanean diharduela adierazi du. Taldean hainbat formatu berri lantzen ari dira une honetan, irratiaren FM emisioaz baliatzea dute asmoetako bat esaterako.
ATI Komunikazio Taldeak argi utzi du bere konpromisoa: «Herritarren beharretara egokitutako informazio hurbil eta erabilgarria eskaintzea dugu xede, horretarako baliabide eta plataforma ezberdinak erabiliz eta etengabeko hobekuntzan oinarrituz».