Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Ataungo Udalak antolatuta, jarduera ugariz betetako egitaraua prestatu dute Aralar natura-parkean eta Barandiaran Museoan. Apirilaren 17tik 27ra bitartean izango dira ekintzak, adin guztietarako pentsatutako proposamenekin.
Bisita gidatuak eta tailerrak errota zaharrean
Apirilaren 17an eta 20an bisita gidatuak egingo dira Barandiaran Museora eta Errotara. 11:30ean hasiko dira saioak eta euskaraz nahiz gaztelaniaz izango dira. Prezioa 4 eurokoa izango da (3 euro 12 urtetik beherakoentzat).
Apirilaren 18an eta 26an, “Errotako jaki goxoak” izeneko bisita berezia egingo da, talo tailer batekin osatua. Jarduera 10:30ean hasiko da eta bi hizkuntzatan eskainiko da. Prezioa: 7 euro (5 euro umeentzat).
Euskal mitologia eta kobazuloak: familientzako abentura
Euskal mitologiaren munduan barneratzeko aukera ere izango da. Apirilaren 19an, 21ean eta 27an “Jentilen mundua” erronka mitologikoa egingo da. Era berean, apirilaren 19an “Sartu kobara!” izeneko familia-ibilaldia antolatu dute Lizarrustiko Parketxetik abiatuta. Espeleologia esperientzia xume bat biziko dute parte-hartzaileek, eta saioa euskaraz izango da. 6 euroko prezioa izango du (4 euro 12 urtetik beherakoentzat).
Museoa zabalik, Aste Santuko egun guztietan
Barandiaran Museoak zabalik izango ditu ateak Aste Santuan eta Pazko Astean zehar, 10:00etatik 14:00etara (salbuespen bakarra apirilaren 22a izango da, egun horretan itxita egongo baita).
Antolatzaileek aurrez izena ematea gomendatu dute jardueretan parte hartu nahi duten guztientzat, leku mugatua baitago. Informazioa eta izen-ematea egiteko:
- 943180335 edo 688895069
- barandiaran@gipuzkoanatura.eus
- www.gipuzkoanatura.eus