Lakuako Gobernuak 2.150 milioi euroko lehen neurri sortari eman dio bide AEBek ezarritako muga-zergek eragindako merkataritza-gerrari aurre egiteko. Imanol Pradales lehendakariak aurkeztu du egitasmoa Araban egindako Industria Defentsarako Taldearen hirugarren bileran.
Lehendakariaren esanetan, ekimen honek hiru helburu nagusi ditu: «enplegua babestea, EAEko enpresa-sarea babestu eta eraldatzea eta enpresen nazioartekotzea eta merkatu berrien bilaketa sustatzea».
Enpresen defentsa eta eraldaketa
Guztira, 2.000 milioi euro bideratuko dira enpresa-sarearen defentsa eta egokitzapenera, bereziki ETEetara. Horien artean:
- 450 milioi euro, Elkargirekin eta euskal finantza-erakundeekin batera abiatuko den berme eta finantzaketa plan berezirako.
- 1.000 milioi, Euskal Aliantza Finantzarioaren bidez.
- 533 milioi, balio erantsiko produktuen garapena eta I+G+b sustatzen duten industria-proiektuetarako.
- 25 milioi Nekafiin-erako eta beste 5,5 milioi nekazaritza eta ardogintza sektoreetarako.
Enplegua eta pertsonen babesa
Guztira 104,5 milioi euro bideratuko dira langile eta langabetuen babeserako:
- 100 milioi, lan-aukerak sustatzeko, lehentasuna emanez muga-zergek kaltetu dituztenei.
- 2 milioi, ERTE egoeran dauden langileentzako osagarrietan.
- 1,5 milioi, enpresa kooperatibo eta gizarte-sozietateentzako aparteko laguntzetarako.
- 1 milioi, birgaitze eta berriz kokatze programetarako.
Merkatu berrien bila
Nazioartekotzea eta merkatu berrien bilaketa indartzeko, 32 milioi euro erabiliko dira. Pradalesek Mercosur, Asia eta Afrikarekin aliantza estrategikoak indartzea aipatu du.
«Euskadik badaki kanpo-zartakoei nola erantzun: pandemiak, Ukrainako gerrak edo 2008ko krisi ekonomikoak prestatu gaituzte», azaldu du lehendakariak. Halaber, elkarlanaren beharra azpimarratu du: «Egoera honi batera egingo diogu aurre: gobernuak, enpresek, indar politikoek eta eragile sozialek».
Sindikatuen ikuspegia
LAB sindikatuak kritikoki baloratu du bileran parte hartzea, hasieran ez baitzen gonbidatu. Hala ere, lan eskubideak defendatzeko eta trantsizio ekosozial justuaren aldeko politika eskatzeko baliatu du aukera. Haren esanetan, «diru-laguntza publiko oro lanpostuak bermatzera eta lurralde-errotzea ziurtatzera lotu behar da».
ELA sindikatuak, aldiz, ez du parte hartu bileran eta «propaganda helburuak» dituela uste du. Ohar batean adierazi du bileraren helburua dela «Jaurlaritza, Confebask eta sindikatuen arteko adostasun itxura ematea», baina ez estrategia aldaketarik eragitea.
Arantzelek utzitako arrastoa
AEBk EAEko laugarren merkataritza-herrialdea izan ziren 2024an, esportazioetan zein inportazioetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresek 2.000 milioi euroko esportazioak egin zituzten AEBetara, eta muga-zergek 400 milioiko eragin zuzena eta 1.200 milioiko zeharkakoa izan dute.
Gaur egun, 1.043 euskal enpresek etengabe esportatzen dute AEBetara eta 132 enpresa bertan ezarrita daude, 216 ordezkaritzarekin (141 komertzial eta 75 ekoizpenekoak).