Aranzadiko arkeologoek Garmendi kobazuloan eta Aranerrekako harpean egindako lanek garai bateko bizitzaren aztarna interesgarriak agertu dituzte. Garmendin, esaterako, harriz egokitutako lurzorua aurkitu dute, hasiera batean itxitura bat zela pentsatu bazuten ere. Lan-eremua zabaldu ahala, ikatz-aztarnak, erretako zerealak eta animalien hezurrak jaso dituzte, giza jarduera iraunkorra islatzen dutenak.
Aztarnen irakurketa
Aurkikuntza horiek aztertzen ari dira Jon Aldaia Aierbe eta Amaia Arranz Otaegi ikerlariak, eta Karbono-14 bidezko datazio proba egingo diete aztarna esanguratsu batzuei, horien kronologia zehatzago finkatzeko. Hitzaldi batean adierazi dutenez, aurkitutako elementuek Burdin Aroaren eta Erromatar garaiaren arteko epean kokatzen dute jarduera.
Bestalde, Aranerrekako harpean aurkitutako zeramika zatiak, hezur industria eta suaren arrastoak, okupazio berrien aztarnak lirateke, eta, adituen ustez, litekeena da horiek erromatar garaiko jarduera baten parte izatea. Burdin Aroko etxebizitza baten hondakinak ere identifikatu dituzte: sutondo bat eta eltze handien zatiak, besteak beste.
Bizitzeko moduen inguruko hipotesiak
Bi aztarnategietan antzemandako ezaugarri bat bereziki nabarmendu dute ikerlariek: biztanleek lurzorua harriz egokitzeko zuten ohitura. Garai hartako beste lekuetan ez da ohikoa praktika hori, eta baliteke Garmendi eta Aranerrekako hezetasunari aurre egiteko neurri gisa ulertu behar izatea.
Lan horiek aurrera jarraituko dute hurrengo hilabeteetan, eta litekeena da datozen urteetan informazio gehiago ematea Amasako paraje horietan garatu zen bizimoduaren inguruan.