Asteburu euritsu eta nahasiaren ostean, eguraldiaren egoera hobetzen hasi da, eta datozen egunetan giro egonkorragoa espero da. Tenperaturak nabarmen egingo du gora, eta eguzkia izango da nagusi Euskal Herrian.
Lehen aldaketa gaur bertan igarriko da: egunsenti freskoa izan ondoren, tenperaturak 22 eta 25 gradu arteko balioetara igoko dira. Behe-lainoa goizaldean ager daitekeen arren, goiz erdirako zerua garbitu eta eguzkia izango da protagonista. Haizeak hego-ekialdetik joko du, eta itsasertzean, eguerditik aurrera, itsas brisa ibiliko da.
Epelean jarraituko du bihartik aurrera ere
Bihar, antzeko egoera mantenduko da. Bailara batzuetan behe-laino apur bat ager daiteke goizaldean, baina eguna argitsu eta eguzkitsu izango da. Hego-ekialdeko haizeak indar handiagoa har dezake eta, kostaldean, termometroak bi gradu gehiago igo daitezke. Hego-haizearen eraginez, mendi inguruetan ufada sendoagoak espero dira.
Aste erdian hodei batzuk, baina eguraldi egonkorra
Asteazkenean hodeiren bat gehiago agertuko bada ere, eguraldia ez da asko aldatuko. Giro epel eta atsegina nagusituko da, eta oraingoz, asteburura arte ez da aldaketa nabarmenik aurreikusten.