Hego Euskal Herrian langabezia-tasa apur bat jaitsi da 2025eko lehen hiruhilekoan. INEk astelehen honetan kaleratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, 108.100 pertsona daude lanik gabe, 1.600 gutxiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Gipuzkoa da berriz ere langabezia-tasarik apalena duen lurraldea (% 6,55), eta atzetik ditu Araba (% 6,59), Nafarroa (% 7,49) eta Bizkaia (% 8,66), azken hau egoera ahulenean dagoena.
Nafarroan gora eta behera: lanpostuak galtzen, baina urteko datuek hobera egin dute
Nafarroan, 577.700 pertsona zenbatu dira 16 urtetik gorako biztanlerian, urtebetean % 1,83ko igoerarekin. Hala ere, lehen hiruhilekoan 7.600 enplegu galdu dira eta langabe kopurua igo egin da: 25.200 dira orain, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta % 11,8 gehiago. Urteko ikuspegitik, berriz, langabezia % 14 jaitsi da.
Gizonen eta emakumeen arteko aldeak ere nabarmenak dira: gizonen langabezia-tasa % 7,30ekoa da, emakumeena berriz % 7,71.
Okupazioaren datu historikoa EAEn
Euskal Autonomia Erkidegoan, datuek erakusten dute 992.000 pertsona ari direla lanean, 2008tik lehen hiruhileko batean izandako okupazio-zifrarik handiena. 11.300 lanpostu berri sortu dira, eta langabe kopurua 9.000 pertsonatan jaitsi da azken urtean.
Emakumeen langabezia jaitsi egin da azken hiruhilekoan (%-3,6), baina gizonen artean gora egin du (%+6). 25 urtetik beherako gazteen artean, berriz, langabezia % 13,35era murriztu da.
Sindikatuen irakurketa: «Prekaritatea eta behin-behinekotasuna oraindik egiturazko arazoak dira»
ELA sindikatuak ohartarazi duenez, «enpleguaren hobekuntza txikiak» izan diren arren, lan baldintzek «okerrera egin dute». Nabarmendu dute prekaritatea, genero-arrakalak eta sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun handia ez direla konpondu.
LABek ere kezka azaldu du, batez ere industria sektoreari erreparatuta. Sindikatuak adierazi du milaka langile «mehatxupean» daudela, eta industriaren egoerak «eragin zuzena» izan dezakeela Euskal Herriko eskualde askotan. Hori dela eta, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa eta trantsizio ekosozial justua eskatu dituzte.