Gure Eskuk hitzordu berria jarri du Herri Libre Bat dinamikaren baitan: maiatzaren 25ean Larun mendira igoko dira, eta mendi tontorrean ikurrin erraldoi bat altxatuko dute, bi estatuen mugaz harago dagoen nazioaren sinbolo gisa.
Ekimenaren bihotzean: muga baten gainetik nazio bat
Antolatzaileek azpimarratu dute Larun mendiak esanahi berezia duela, izan ere, «Euskal Herria zatitzen duen mugaren erdian» kokatzen da, eta, euren hitzetan, «nazio bat elkartzen duen bihotz bilakatu da». Han jarriko duten ikurrinak herri zahar baten batasuna eta askatasun nahia sinbolizatuko du: zazpi lurraldeko Euskal Herri bat, kultura, hizkuntza eta historia propioa duena.
Festa giroan aldarrikapena
Hasiera batean maiatzaren 18an egitekoak ziren mendi martxa eta ekitaldi nagusia, baina beste herri ekimen batzuekin talka ekiditeko, astebete atzeratzea erabaki dute. Hala ere, antolatzaileek ziurtatu dute festa giroa izango dela nagusi: musika, dantza eta jan-edana Azkainen, ekitaldiaren ostean.
Ibilaldia bi tokitatik abiatuko da:
- 09:00etan Azkainetik.
- 10:00etan Beratik.
12:00etarako iristea aurreikusi dute Larun mendira, eta bertan ekitaldi nagusia egingo dute: ikurrin handi bat altxatuko dute mastan, urrunetik ere ikusgai izango dena.
Herritarren ekarpena: ikurrina guztion artean
Ekimen honek herritarren parte-hartze zuzena nahi du bultzatu. Gure Eskuk crowfunding kanpaina abiatu du, ikurrina finantzatzeko: «Euskal herritarrek beraiek jarriko dute ikurrina, beraiek ordainduta».
10 euroko gutxieneko ekarpena egiten dutenen izenak mastaren oinean ipiniko duten plaketan grabatuko dituzte. Parte hartu nahi dutenek ordainketa egin behar dute kontu korronte honetan: ES83 3035 0063 85 0630075771, eta gero egiaztagiria eta plakan agertu nahi duten izena ekimenak@gureeskudago.eus helbidera bidali.
Ekimen honetan laguntzeko azken eguna maiatzaren 18a izango da.
Deia aktibaziora
Gure Eskuko bozeramailea den Josu Etxaburuk herritarrei dei argia egin die: «Larunen alde batera eta bestera estatu ezberdinak badaude ere, horien gainetik salto egiten duen nazioa existitzen da».
Eta azpimarratu du: «Orain da garaia berriro ere burujabetzaren aldeko aldarria ozen egiteko».