Gipuzkoako Parketxeen Sareak eta Aralar Natura Parkeak ‘Naturarekin orekan’ jarduera antolatu dute datorren maiatzaren 11n, igandez. Ekimenaren baitan, bisita gidatua egingo da Iztueta baserrira, Lazkaomendin kokatua, eta aukera paregabea izango da baserriaren egunerokoa lehen eskutik ezagutzeko.
Artisautza, teknologia eta jasangarritasunaren arteko oreka
Iztueta baserrian artisautza eta gaur egungo teknologiak uztartzen dituzte eguneroko lanean, jasangarritasuna ardatz hartuta. Hain zuzen, horixe erakutsi nahi dute bisitaldian: nola uztartzen diren belaunaldiz belaunaldi transmititutako ezagutza tradizionalak eta egungo eredu berritzaileak.
Bisitan zehar, parte-hartzaileek bertako abereekin harremana izango dute, ukuiluak ikusteko aukera izango dute, zelaiak eta baita esne-ekoizpen prozesua ere. Esnetegia barrutik ezagutzeko aukera ere izango dute, eta, amaieran, bertako produktuak dastatzeko aukera eskainiko da.
Bisitaren xehetasunak eta izen-ematea
Bisita 11:00etan hasiko da eta gutxi gorabehera bi ordu iraungo du. Prezioa 12 eurokoa izango da helduentzat eta 6 eurokoa haurrentzat. Antolatzaileek nabarmendu dute plaza kopurua mugatua dela eta aurrez izena ematea ezinbestekoa dela.
Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko, bi telefono zenbaki jarri dituzte interesdunen eskura: 943180335 eta 688895069. Era berean, posta elektroniko bidez ere jar daiteke harremanetan helbide honetan: barandiaran@gipuzkoanatura.eus.