Bi jaialdi historikoek bat egin dute 150 euroko bonu bateratu baten bidez, eta sarrera honek aukera emango du EHZko hiru egunetan eta Hatortxuko lau egunetan parte hartzeko. Txartela eskuragarri egongo da maiatzaren 19ra arte bi jaialdien webguneetan.
EHZren kasuan, aurtengo edizioa Arberatze-Zilhekoan egingo da, ekainaren 27tik 29ra, «Lurraren erritmoa» lemapean. Hainbat talde igoko dira oholtzara, tartean Acidulant, Kaskezur, Xsakara, Voltaire, Errobi edo Gros Coeur, beste askoren artean. Egunez, herriko plazan, musikaz gain dantza, magia eta animazio ugari eskainiko dira, familia giroko festa sortuz.
Hatortxu Rock: agur esanguratsua
Hatortxu Rock jaialdiak agur esango dio bere ibilbideari Lakuntzan, uztailaren 24tik 27ra egingo den azken edizioan. Ehun bat taldek parte hartzea aurreikusi dute, eta kartela anitza izango da: Anestesia, Zetak, Latzen, Delirium Tremens, KOP edo Juantxo Skalari & La Rude Band, besteak beste.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, «26 urteotan, auzolanean eta elkartasunez antolatutako jaialdia izan da Hatortxu, preso politikoen eskubideak aldarrikatzeko». Azken edizio honetan ere, boluntario sare zabal baten laguntza ezinbestekoa izango da: guztira 7.049 txanda bete beharko dira, eta izena emateko aukera dago jada www.hatortxurock.eus/txandak webgunean.
Auzolana eta mezua helburu
EHZk eta Hatortxuk bat egiten dute beren oinarri ideologikoan: herrigintza, elkartasuna, euskara eta borroka kolektiboa. Bonu bateratuaren bitartez, mezu horiek zabaltzen jarraitzeko aukera zabaldu nahi dute, eta bide batez, jaialdi bien arteko lankidetza estutzea.