Ataungo San Martingo auzoan egingo da aurtengo Naza Eguna, maiatzaren 17an. Egitarau zabala izango du, egun osoko ospakizunekin, eta dagoeneko martxan dira parte hartzeko izen-emate orriak eta txartel salmentak.
Bazkarirako txartelak salgai
Naza eguneko bazkarian parte hartu nahi dutenek bi egun dituzte txartelak erosteko:
- Gaur, osteguna, maiatzak 9, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara.
- Larunbat honetan, maiatzak 11, goizeko 11:00etatik 13:00etara.
Salmenta puntua Ataungo San Martin auzoko plaza izango da. Bazkariak 15 euro balioko du eta paella, postrea eta edaria izango dira menuko osagai nagusiak.
Herri kiroletan parte hartzeko aukera zabalik
Bestalde, herri kirol erronkan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko. Izen-emate orriak Troskaetan, Urbietan eta Sutegin jarri dituzte eskuragarri, eta sei taldek neurtuko dituzte indarrak lokotx jasotzen, toka, txingak, giza proba, zakua eta sokatiran.
Egun osoko egitarau oparoa
Goizeko 11:00etan hasiko da eguna kirol erronkarekin, eta hortik aurrera giroa ez da baretuko: triki poteoa, bingo musikatua, zozketak eta karro poteoa izango dira arratsaldean. Goizean zehar, gainera, barra eta Naza elkartetik lokalaren bisita gidatua ere antolatuta daude.
Zer da NAZA?
Naza K.E. Ataungo ezkerreko eragile abertzaleak biltzen dituen eta haiei lokal eta egiturazko babeserako espazioa eskaintzen dien elkartea da. «Indepentzia, feminismoa, auzolana eta aldarrikapena» dira bere jardunaren oinarriak.