Euskaraldiaren Gune Ibiltaria bere azken txanpara iritsi da. Apirilean Artikatik abiatu zenetik, Euskal Herriko hainbat herri eta auzo bisitatu ditu, eta maiatzaren 18an, Guardian emango dio amaiera bere ibilbideari.
Euskaraldiko laugarren edizioan martxan jarri zen furgoneta honek, dibulgazio tresna izateaz gain, euskara gutxiago erabiltzen den tokietan euskararen presentzia indartzea du helburu. Karpa batez eta hainbat materialez lagunduta –kamisetak, poltsak, banderak eta eskuorriak, besteak beste–, Euskaraldiaren berri eman eta herritarren parte-hartzea sustatzen du.
Eskariari erantzunez sortutako egitasmoa
Sonia Perez Anguerak, Taupa Mugimenduko eta Euskaraldiko antolakuntzako kideak azaldu duenez, Gune Ibiltaria herrietatik jasotako eskaerei erantzuteko sortu zen: «Herriek beraiek proposatu ziguten horrelako zerbait martxan jartzea». Helburua argia da: Euskaraldiaren mezua herritar guztiengana helaraztea, batik bat batzorderik ez duten tokietan.
Hala ere, batzorde aktiboak dituzten herrietan ere baliagarria izaten da Gunea, ikusgarritasuna handitzeko eta dinamismoa sustatzeko.
Ahobizi eta Belarriprest rolen azalpena, furgonetatik
Gune Ibiltarian Euskaraldiaren ariketa sozialaren nondik norakoak azaltzen dira, ahobizi eta belarriprest rolak ulertaraziz. Ez da jaialdi huts bat, baizik eta hizkuntza ohituretan eragiteko erronka kolektiboa. Eta, noski, erronka bat izateak ez du esan nahi ondo pasatzerik ez dagoenik: «mendira igotzea ere erronka da, eta disfrutatzen da», azpimarratu du Perezek.
Gainera, informazio banaketa aprobetxatuz, izen-emateak egin edo txapak jaso daitezke. Hala ere, oraindik badaude Euskaraldia zer den ez dakiten herritarrak, eta horiei behar den informazioa ematen zaie.
Lehentasuna: babesa behar duten herriei
Euskaraldian izena eman duten herriek eskatu dezakete Gune Ibiltaria jasotzea. Jasotako eskaeren arabera, lehentasuna ematen zaie gabezia handienak dituzten tokiei, hala nola Tuterari edo Vianari, non batzorderik ez dagoen baina interesatutako norbanakoak bai.
Koordinatzaile batek gidatzen du furgoneta, herriz herri, eta bertan tokiko lantaldeek hartzen dute ardura gunea antolatzeko. Baina jende gutxi badago, Euskaraldiko lantaldeko kideek bertaratzeko prest daude.
Anekdotak eta barreak ibilbidean
Ibilbide luze honetan anekdota xelebreak ere izan dira. Besteak beste, Mutiloan zegoen batzorde batek Gune Ibiltaria non zegoen galdetu zuen… baina koordinatzailea beste Mutiloan, Gipuzkoan, zebilen! Horrelako egoeretan, ordutegia moldatu eta Gunea tokira egokitzen da.
Eta pasadizo barregarri bat aurreko ediziokoa: herri bateko haur batek Euskaraldiko maskoten koloreengatik ‘ketsup eta mostaza’ izenez bataiatu zituen Ahobizi eta Belarriprest. Aurten, ordea, haurrek ere parte hartzeko aukera izango dute: 16 urtetik beherakoek Xaxatzaile rola beteko dute, familien barruan euskararen erabilera sustatuz.