Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI) %1,1eko igoera izan du apirilean Nafarroan, aurreko hilaren aldean. Urteko tasa, berriz, %2,5era iritsi da, martxokoaren aldean sei hamarreneko igoerarekin. Hala jakinarazi du asteazken honetan Estatistikako Institutu Nazionalak (INE).
Oporrak, arropa eta ostalaritza, goranzko faktore nagusiak
Tasen igoeran eragin handiena izan duten sektoreak aisia eta kultura izan dira (%3,6), arropa eta oinetakoak (%1,1) eta hotel, kafetegi eta jatetxeak (%4). Aipatutako sektoreetan igoerak nabarmenak izan dira aurreko hilarekin alderatuta.
Aitzitik, jaitsiera handiena izan duten arloak etxebizitza izan da (%3,7), garraioa (-%1,9) eta etxeko tresneria (%1). Kasu guztietan beherakadak aurreko hileko tasarekin konparatuta izan dira.
Jaisten, baina goian mantentzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan
EAEko KPIak apirilean apur bat lasaitu du urteroko erritmoa, bi hamarren jaitsita, eta %2,6an kokatu da, Espainiako batez bestekoaren (%2,2) gainetik oraindik ere. Jaitsiera hori gasaren, erregaien eta elektrizitatearen prezioen bilakaerari zor zaio.
Hilabete arteko aldaketa %0,6koa izan da, eta horrek autonomia erkidegoen artean Balear Uharteetakoaren atzetik bigarren igoerarik handiena bihurtu du EAEkoa.
Elikagaiak eta ostalaritza gorantz, garraioa beherantz
Elikagai eta edarien prezioek %3,6ko tasa mantendu dute EAEn, Espainiako batez bestekoa baino 1,6 puntu handiagoa. Etxebizitzaren arloan, elektrizitatea barne, urte arteko tasa %4,6ra jaitsi da, 2,1 puntu gutxiago. Garraioaren kasuan, tasa zortzi hamarren jaitsi da eta %1,3ko tasa negatiboan kokatu da.
Goranzko norabidean, “besteak” taldeak %4,2ko igoera izan du, hotel, kafetegi eta jatetxeek %3,7koa, alkohol eta tabakoak %3,5ekoa, aisia eta kulturak %3,5ekoa eta hezkuntzak %2,3koa. Komunikazioak %2,1 igo dira, medikuntza %1,7 eta etxeko ekipamendua %1,6.