Nafarroako artistak etenaldi behartua hartu du, giltzurrun transplante baten ondorioz. Urte bukaera arte ez da eszenatokietara itzuliko, eta horrek bere agenda musikala guztiz baldintzatu du.
Musikariak azaldu du azken bi urteak gogorrak izan direla: gaixotasun baten ondorioz, dialisia egin behar izan du etengabe, eta, orain, transplantearen bidez aro berri bati ekin dio. «Mila esker eta egin zaitezte organo emaile, pertsona batentzat zoritxarra izan daitekeena beste batentzat berpiztea izan daitekeelako», nabarmendu du sare sozialetan partekatu duen testuan.
Osasunari lehentasuna eman beharra dela eta, Kilikik urte amaierara arteko kontzertuak bertan behera utzi ditu. Madril eta Bartzelonako emanaldiak izango dira salbuespen bakarrak, baina han ere ordezko musikari bat igoko da oholtzara. Gainerako hitzorduetarako, sarreren zenbatekoa bueltan jasoko dutela berretsi du artistak.
Ver esta publicación en Instagram
Elkartasun olatua
Albistea zabaldu bezain laster, euskal kultur munduko askok babesa adierazi diote Kilikiri. Musikari, sortzaile eta kazetariek sare sozialetan mezu beroak utzi dituzte, indarra bidaliz eta osasun ona opa diotela esanez. Kilikik bizi duen egoerak gogorarazi du kulturaren eszenatokiak pertsonen osasunaren menpe daudela, eta, oraingo honetan, musikari nafarrak argi utzi du: oholtzak itxarongo du, osasunak ez duelako ordezkorik.



