ELA, LAB, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek, Etxalde mugimenduarekin batera, bat egin dute Gure Eskuk ekainaren 7an Bilbon antolatutako mobilizazio nazionalarekin. Ekimenaren helburua argia da: Euskal Herriak burujabetzan aurrera egiteko behar duen herri aktibazioa bultzatzea.
Burujabetzaren premia, gizartearen ikuspegitik
Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburuk adierazi duenez, «poza ematen du euskal lurraldeen estatusa berriz politikaren agendan egotea, baina guk argi dugu eztabaida hau ez dela politikariena soilik, herritar guztiei dagokie, eta gizarteak ere ekarpen baliotsuak egin ditzake». Horregatik, alderdiekin ez ezik, gizartearen sektore anitzetako eragileekin ere bilerak egiten ari dira.
Bilerok argi utzi dute gaur egungo autogobernu mailak ez dituela euskal herritarren beharrak asetzen. Gure Eskuren esanetan, ezinbestekoa da «burujabetza tresna gehiago eta eraginkorragoak» izatea, eta unea heldu dela hori gauzatzeko: «Beharra badugu, gogoa ere bai, eta orain da garaia».
Euskal Herria, erabakitzeko garaia
Etxaburuk azpimarratu du ekainaren 7ko mobilizazioa funtsezko hitzordu bihurtu dela burujabetzaren alde: «Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazioa dela sinesten duten guztiek, herritarron egunerokoan eragiten duten erabakietan parte hartu nahi dutenek, eta herri justuago, feministago eta orekatuago bat amesten dutenek, badute zita Bilbon».
Ataunen ere mobilizaziora batzeko prest
Ataungo Gure Esku batzordeak ere bere atxikimendua adierazi du eta herritarrei mobilizazioan parte hartzeko gonbita luzatu die. Herritik autobusak antolatuko dira Bilbora joateko, eta izena emateko aukera izango da Sutegi, Urbieta eta Troskaeta tabernetan zein Errotaundi okindegian.