Apirilaren 28ko itzalaldiak Iberiar Penintsula astindu zuenetik hilabete igaro den honetan, hausnarketa kolektiborako abagunea baliatu dute Goiener eta Izarkom kooperatibek. Bilbon egindako agerraldian, bi erakundeek lankidetza estrategiko berri bat iragarri dute, eta “Itzali sistema, piztu alternatibak” izeneko manifestua aurkeztu.
Kooperatiben arteko elkarlana ez da berria, baina oraingoan urrats sendoago bat eman dute: baliabide eta azpiegiturak partekatzeko hitzarmen bat sinatu dute, eta trantsizio ekosozialean elkarrekin sakontzeko asmoa berretsi dute. Erika Martinez (Goiener) eta Iker Garaialde (Izarkom) izan dira aurkezpenaren aurpegiak, eta biak ados agertu dira bide laguntasunaren garrantziaz: «Kooperatibok elkarren beharra dugu eraldaketa sakonerako», esan du Garaialdek. Martinezek, berriz, «bidelagunak aukeratzea eta zaintzea» nabarmendu du.
Sistemaren ahuleziak agerian
Itzalaldia ez zen, haien ustez, ustekabeko gorabehera hutsa izan. «Irabazi ekonomikoa gizartearen eta planetaren gainetik jartzen duen sistema baten ondorioa izan zen», salatu dute. Egungo energia eta telekomunikazio ereduek erakusten dituzten hauskortasuna eta menpekotasuna seinalatu dituzte, eta horrek bestelako bideak arakatzea ezinbestekotzat jartzen duela adierazi dute.
Energia eta internet, eskubide gisa ulertu behar dira
«Gaur egun, guztiz normalizatuta dago energia eta internet bezalako zerbitzuak enpresa pribatuen bidez jasotzea, nahiz eta hezkuntzaren edo osasunaren pareko oinarrizko eskubideak izan beharko luketen», ohartarazi dute. Azpiegitura kritikoen kudeaketaren inguruko eztabaida publikoa bultzatu nahi dute, eta eredu erresilienteago, deszentralizatuago eta komunitarioago baten alde egin.
Horren harira, «boterea gutxi batzuen esku geratzea saihesteko», baliabideak kolektibizatzea proposatu dute, eta tokiko sare, kooperatiba eta komunitate-egiturak indartzeko deia luzatu dute. Helburua, haien esanetan, «eredu gardenago eta parte-hartzaileagoak eraikitzea da, kontsumo ohiturak birplanteatuz eta trantsizio ekosozialari bide emanez».
Hitzaldi bat eta deialdi zabala: ekainaren 19an, Bilbon
Ekimenaren barruan, ekainaren 19rako hitzaldi ireki bat antolatu dute Bilbon, Goienerren egoitzan. Arratsaldeko 18:00etan izango da, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Era berean, “Itzali sistema, piztu alternatibak” manifestuarekin bat egiteko gonbita luzatu diete Euskal Herriko norbanako eta eragileei. «Trantsizio ekosoziala ez da etorriko goitik behera. Elkarrekin eraiki behar dugu bidea, itzalaldien beldur izan beharrean, alternatiben argitan oinarrituko den etorkizuna pizteko», adierazi dute amaitzeko.