AEBtako altzairu eta aluminio inportazioei ezarritako muga-zergak gora egingo du berriro. Donald Trump presidenteak atzo iragarri zuenez, ordura arte %25ean zegoen tasa %50era igoko du hemendik aurrera. Neurriaren atzean sektoreko enpresarien presioa egon da, presidenteak berak aitortu duenez: «hasieran %40 ezartzea pentsatu nuen, baina industriako arduradunek igoera handiagoa eskatu zidaten».
Euskal industriarentzat, aldaketa honek ondorio zuzenak izango ditu. Izan ere, AEB da EAEko hirugarren bezero nagusia esportazioetan, Alemania eta Frantziaren atzetik. Iaz, 385 milioi eurotik gorako esportazioak egin ziren altzairu eta aluminio produktutan Estatu Batuetara.
Kalteak hainbat euskal enpresa handi ukituko ditu, hala nola Sidenor, ArcelorMittal, Tubacex eta Tubos Reunidos. Azken horren kasua bereziki deigarria da, iaz ekoizpenaren %50 inguru AEBra bideratu baitzuen. Trapagaranen eta Amurrion dituen lantegietan ekoizten du Tubos Reunidosek, eta azken zentro horretan 500 langile inguruk dihardute lanean. Gainera, iaz enplegu-erregulazioko txostena aurkeztu zuten bertan. Orain, igoerak nola eragingo dion enpresari eta langileei ikusteke dago.
Altzairuaren inguruko merkataritza-neurrien igoera honek mehatxu berria suposatzen du Euskal Herriko industriarentzat, munduko metalgintzako merkatu nagusietako bat gal zitekeen arriskua areagotuz.