‘Faltan Botatzen Dugu’ plataformak jakinarazi duenez, Osakidetzak ohartarazpena egin zion pediatra bati, lau urteko haur baten bizitzaren azken asteetan, gauez eta ordutegi ofizialetik kanpo, etxean laguntza eskaini zuelako. Plataformaren arabera, Osakidetzak profesionala ohartarazi zuen «ospitaleko baliabideak kalera eramateagatik».
Plataformak salatu du egoera honek agerian uzten duela Euskadin zaintza aringarrien inguruko egoera «kritikoa» dela: «Hitzemandakoa ez da bete, ez dago 24 orduko estaldurarik eta giza babesarekin jarduten duten profesionalak zigortzen dira».
Zaintza aringarrietan gabezia larriak
Plataformaren arabera, urtero 200 haur inguruk zaintza aringarri pediatriko espezifikoak behar dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina gaur egun, goizeko ordutegian soilik diharduen etxez etxeko talde bakarra dago. Ez daude lurralde guztietan talde egituraturik, ezta protokolo pediatrikorik ere.
Azaldu dutenez, pediatrak 13 urtez aritu da ordutegitik kanpo ere haurrei laguntza ematen, «askotan babesik gabe». Profesionalak berak adierazi du «haserrea, amorrua eta etsipena» sentitzen dituela egoera honen aurrean.
Osasun Sailaren azalpenak
Radio Euskadin, Osasun sailburu Alberto Martinezek ukatu egin du zigor edo ohartarazpen formalik egon denik, baina onartu du «zaintza arriskuei» buruzko abisua eman zela «erizaintzako gainbegiratutik». Bere esanetan, helburua izan zen istripu baten aurrean profesionalaren babes juridikoa bermatzea.
Martinezek adierazi duenez, «Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioan dago erreferentziazko zaintza aringarrien unitatea, eta bertan, une honetan, bi haur artatzen dituzte. Donostian, Basurtun eta beste ospitaleetan ere badaude koordinazio unitateak». Gainera, «iaz 900 pediatria arloko profesional baino gehiago prestatu ziren zaintza aringarrietan».
Ordutegiei buruz, sailburuak azaldu du goizeko ordutegian lan egiten duten aditu kualifikatuen unitatea dela hori, baina horrez gain, «900 profesionaleko sarea dagoela koordinaturik, behar puntualei erantzun ahal izateko».
Osakidetzaren bertsioa
Arratsaldean, Osasun Sailak prentsa ohar bidez zehaztu du «ez dagoela zigortutako inor Osakidetzan». Ezkerraldea Enkarterri-Gurutzetako OSIko erizaintzako arduradun batek profesional batzuei abisua eman ziela ospitaleko ibilgailua erabiltzearen inguruan, «aurrez abisatu gabe eta lan-ordutegitik kanpo». Oharrean adierazi dutenez, «langilearen segurtasuna bermatzeko prebentziozko informazioa» izan zen.
Plataformaren salaketa: «Arazo estrukturala»
Plataformak, ordea, salatu du egoera hau «sistema oso baten arazo estrukturalaren adierazgarri» dela: «Ondo zaintzen duten profesionalak zigortzen dira, eta zaurgarrienak babesik gabe geratzen dira».
Horregatik, Osakidetzari eskatu diote «publikoki zuzen dezala gertatutakoa eta profesional horien lana instituzionalki aitortu dadila».
Plataforma hau 30 bat elkartek eta norbanakok osatzen dute, bizitzaren amaierako zaintzak hobetzearen alde lanean ari direnak. Gaur egun, 22.000 pertsona inguru daude bizitzaren azken fasean EAEn, «paziente eta senideentzat sufrimendu handiko garaian».
Amaitzeko, plataformak adierazi du: «Bizitzaren amaieran dauden pertsonei zaintza hobeak eskaintzeko ekintza politiko eta sozial handiagoa behar da».