Uda iristearekin batera, aireportuetarako autobus konexio berriak eta indartuak izango dira Gipuzkoan eta Araban. Helburua argia da: herritarrek eta bisitariek garraio publikoa erabil dezaten bidaia eroso, azkar eta jasangarria egiteko.
Donostiatik Hondarribira, zerbitzua berriro martxan
Iaz estreinatutako eta arrakastatsua izan zen Donostia eta Hondarribiko aireportuaren arteko autobus zerbitzu zuzena ekainaren 20tik aurrera berriz martxan jarriko da. Azahara Dominguez Mugikortasuneko diputatuak azaldu duenez, E30L lineak bi geltoki bakarrik izango ditu: Donostiako autobus geltokia eta Hondarribiko aireportuko terminala.
Goizeko lehen irteerak 7:05ean izango dira Donostiatik, eta azkenak 19:50ean; aireportutik, berriz, 7:35ean hasi eta 20:20 arte ibiliko da autobus zerbitzua.
Diputatuaren hitzetan, «pertsona guztiek aukera berdinak izan ditzaten ari gara lanean, auto pribatuaren beharrik gabe aireportuetara iristeko moduak erraztuz».
Loiuko aireportura sarbide errazagoa
Bestalde, Bilboko Loiuko aireportura doazen autobus zerbitzuak ere indartuko dira. Ekainaren 20tik irailaren 30era bitartean, autobusa 30 minuturo ibiliko da, eta ordutegiak ere zabalduko dira. Donostiatik lehen autobusa 4:30ean irtengo da, eta Bilbotik 6:15ean. Zarautzen ere egingo dira geldialdiak, eta Mugi sistemako deskontuak aplikatuko dira erabiltzaileentzat.
Gasteizen eskaera historiko bati erantzuna
Arabako Foru Aldundiak, bere aldetik, uztailaren 1etik aurrera martxan jarriko du Gasteiz, Forondako aireportua eta Loiu lotuko dituen autobus linea berria. Udako hilabeteetan noranzko bakoitzean 13 zerbitzu eskainiko dira egunean.
Autobusak Gasteizko Florida parkearen ondoan hasiko du ibilbidea, hiriaren erdiguneko hotel eta turismo ostatuei arreta emateko. Handik autobus geltokira igaro, Forondara eta azkenik Loiura jarraituko du.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren foru diputatuak nabarmendu duenez, «azkenik, Gasteizen aspaldiko eskaera bati erantzuna emango diogu aireportuekin lotura zuzena eskainiz».