Eskisehir hiriburuaren inguruan kokatutako Küllüoba aztarnategiko indusketetan agertu da aurkikuntza harrigarria: karbonizatuta eta lurperatuta mantendu den ogi bat, duela 5.300 urtekoa. Murat Türkteki arkeologoak eta indusketaren zuzendariak azaldu duenez, «indusketa batean ogia aurkitzea ez da ohikoa; normalean ogi apurrak baino ez dira topatzen. Kasu honetan, ordea, suak eta lurperatzeak bere forma babestu dute».
Erritu baten aztarna
Ogiaren ezaugarriak bereziak dira: laua eta biribila da, 12 zentimetro inguruko diametroa du eta gaileta baten itxura du. Aurkitu zutenean, ogitik zatitxo bat erauzia zuten eta, ondoren, erre eta lurperatu egin zuten etxea eraikitzen ari zirenean. Türktekiren ustez, «horrek ugaritasun erritual batekin zerikusia izan dezake».
Küllüobako zibilizazio ezezaguna
Testu idatzirik ez dagoenez, misterioz inguratuta dago Küllüobako anatoliar zibilizazioa. Haietako ohitura bat zen etxeak lurperatzea leku berrietara mugitu aurretik edo etxe berriak egiterakoan egitura zaharren gainean eraikitzea, horrela muinoak sortuz.
Brontzearen Aroan, haitiar herriak —hititen aurretik Anatolian bizi zirenak— populatzen zuen Eskisehir ingurua. Deniz Sari arkeologoak azaldu duenez, «Küllüoba tamaina ertaineko hiri-bilketa bat zen, jarduera komertzial, artisau, nekazaritza eta meatzaritzakoekin. Antolakuntza sozial eta familiarra nabarmena zen».
Dilistak eta gari zaharra oinarri
Egindako azterketek agerian utzi dute ogia farro gari mota zahar batekin eta dilista hazi txikiekin egin zela. Legamia modura, oraindik identifikatu ez duten landare baten hostoak erabiliko zituzten. Gaur egun, aurkikuntza hau Eskisehirko Arkeologia Museoan dago ikusgai.
Ogi zaharra berpiztu dute
Aurkikuntzak ikusmin handia piztu du tokian bertan. Ayse Ünlüce Eskisehirko alkateak adierazi duenez, «aurkikuntza honek asko hunkitu gaitu. Indusketaren zuzendariarekin hitz egiten nuenean, galdera bat etortzen zitzaidan burura: posible izango ote litzateke ogi hau berriz egitea?».
Jatorrizko errezetatik ahalik eta gertuen egoteko asmoz, Kavilca gari zaharra, bulgurra eta dilistak erabili dituzte. Horrela, ogi berri bat sortu dute, gluten gutxikoa, kontserbagarririk gabea eta asegarriagoa.
Herri ogia eta arrakasta
Halk Ekmek udal okindegian egunero 300 ogi ekoizten dituzte eskuz, eta lehen egunetan saltokiak berehala agortu dira. Suzan Kuru bezeroak zioen: «korrika joan nintzen, amaituta egongo ziren beldur nintzelako. Nahi nuen antzinako ogi honen zaporea ezagutzea».
Alkateak azpimarratu du: «lurralde honek 5.000 urtez gorde du ogi hau eta opari gisa helarazi digu. Ondare hau babestea eta belaunaldiz belaunaldi transmititzea gure betebeharra da».
Lehortea eta irakaspen ekologikoa
Eskisehir inguruan lehorteak gogor jo du azken urteetan. Alkateak nabarmendu duenez, «krisi klimatikoaren erdian gaude, eta oraindik ur asko behar duten laboreak lantzen ditugu, hala nola artoa edo ekiloreak. Gure arbasoek lez, ur gutxi behar duten laboreetan oinarritu beharko genuke gure nekazaritza».
Horregatik, Kavilca gariaren laborantza berreskuratu nahi dute eskualdean, klima aldaketari egokiago erantzuteko.