Sei ikastetxetan hasiko da plana ezartzen, eta helburua da, 2028ra bitarte, beste hainbat eskola eta zonalde ere biltzea egitasmora. Ikastetxe hurbilen arteko sukalde partekatuak ere aurreikusten dira. Sailburu Begoña Pedrosak adierazi duenez, asmoa da eskola-jantokiak «osasungarriagoak, jasangarriagoak eta gertukoagoak» izatea, betiere kalitate handiagoaren alde eginez.
Zerbitzua zabalduta, baina ereduaren aldaketa eskatzen da
Gaur egun, EAEko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek eskaintzen dute jangela zerbitzua —Espainiako Estatuan %100era iristen den erkidego bakarra da— eta ikasleen %78ak erabiltzen du. Hala ere, eskaintzaren unibertsaltasuna ez da nahikoa izan eredua zalantzan jarri dutenentzat.
Azken urteotan, ikastetxe askok sukalde propioak ezartzeko eskaria luzatu diote Jaurlaritzari. EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek adierazi du proposamena «ongi etorria» dela, baina ohartarazi du aldaketak benetakoak izan behar direla: «Gakoa ez da non prestatzen den janaria, baizik eta nork eta zein irizpidez».
Kudeaketaren inguruko zalantzak
Imaren iritziz, funtsezkoa da sukalde berrien kudeaketa nola egingo den argitzea: «Enpresa handi batek hartuko du ardura? Baldintza pedagogikoak beteko dira? Xahuketa saihesteko eta elikadura osasungarriagoa bultzatzeko neurriak hartuko dira?».
Kritikatu du gaur egungo lizitazio sisteman ez dela kontrolik bermatzen, eta horrek arriskuan jartzen duela egungo eredutik benetako aldaketa bat lortzea: «Baldintzak paperean ager daitezke, baina kontrolik gabe, ez da ezer aldatzen».
2019tik zain
2019an, Eusko Legebiltzarrak adostu zuen catering enpresetatik kanpo jardun nahi duten ikastetxeentzako eredu berri bat arautu behar zuela Jaurlaritzak. Hala ere, lau urte baino gehiago igaro dira, eta araudia oraindik ez da plazaratu. Ondorioz, sukalde propioaren aldeko eskoletako askok zain jarraitzen dute, alternatibarik gabe.